Itxi

Hil-kapera

Ehunka herritarrek Rubalcabari azken agurra eman diote Diputatuen Kongresuan

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Larunbat honetan, hil-kapera 09:00etan berriz zabalduko dute eta 14:00etan itxi.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Alfredo Perez Rubalcabaren hil-kapera publikoari zabaldu diote 21:45 aldera, Estatuko agintariak eta Gobernuko, PSOEko eta alderdi politikoetako hainbat ordezkari bertan izan ondoren.

Pasos Perdidos aretoan ia bi ordu eman dituzte Estatuko ordezkariek. Diputatuen Kongresuak Rubalcabaren hilkutxa bertan jarri du. Hilkutxaren aurrean, lore-koroak eta politikariaren aurpegia duen kartel bat jarri dituzte. "Bakea eta askatasuna gure bizimoduak dira", irakur daiteke kartelean.

Hainbat herritar Kongresura sartzeko txandaren zain egon dira, buruzagi sozialista ohiari azken agurra emateko. Ilarak Diputatuen Kongresuko Jauregia inguratu du.

Rubalcabaren hilkutxa bi banderarekin estali dute: Espainiakoa eta PSOEkoa, ukabila eta arrosaren ikurrarekin.

Herritar askok arrosa gorriak eraman dituzte buruzagi sozialistari agur esateko.

Hil-kapera espero baino denbora gehiago zabalik mantendu behar izan dute ostiral honetan; izan ere, herritar ugari hurbildu dira Kongresura, PSOEko buruzagi ohiari azken agurra emateko.

22:00ak aldera ixteko asmoa zuten, baina ehunka pertsona zain ziren Kongresuaren inguruan, presidenteorde eta ministro sozialista ohiari adio esateko. Larunbat honetan, hil-kapera 09:00etan berriz zabalduko dute, eta 14:00etan itxi.

Kongresuko jauregian sartu diren aurreneko herritarrek arrosa gorriak (PSOEren ikur) utzi dituzte hilkutxa gainean. Keinu hori behin eta berriro errepikatu da hil-kapera zabalik egon den tartean.

Gazteak ere ikusi dira Kongresuan, horietako batzuk oso hunkituta. Rubalcabaren alargunari dolumina adierazi diote. Horietako batzuk Rubalcabaren ikasleak ziren Madrilgo Complutense unibertsitatean, non Kimika Organiko eskolak ematen zituen.

Albisteak (3)

Bideoak (1)