Itxi

HERIOTZA

Rubalcabaren 'akordiorako gaitasuna' nabarmendu du Erkorekak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak zendu berri den buruzagi sozialistak "Euskadin elkarbizitzaren alde egindako lana" nabarmendu eta inoiz ez zuela "zubirik apurtzen" adierazi du.

Josu Erkoreka Zeanurin, gaur. Argazkia: ETB

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Publikorako zein Autogobernurako sailburuak Alfredo Perez Rubalcabak, ostiralean hil zen PSOEko idazkari nagusi ohiak, Euskadin elkarbizitzaren alde egindako lana goraipatu du gaur, eta "akordioak egiteko programatutako pertsona" edo "inoiz zubirik apurtzen ez zuena" zela nabarmendu du.

Zeanurin zen gaur Erkoreka, eta bertatik doluminak helarazi dizkie Perez Rubalcabaren senideei eta lagunei.

Rubalcabarekin harreman zuzena izan zuten pertsonek badakitela plano pertsonalean "harremanetarako erraztasuna zuen gizona, inteligentea, enpatikoa, eta azkarra" zela esan du Erkorekak, eta horri esker, "beti zen interesgarria berarekin topatu eta hitz egitea".

Arlo politikoan, "akordioak egiteko programatutako pertsona" zela gaineratu du Jaurlaritzako bozeramaileak: "Berak bazekin, barru-barrutik sentitzen zituen ideia politikoei muzin egin gabe, akordioa eta elkarlana bilatzen politikako gai garrantzitsuetan".

"Ez zuen inoiz zubirik apurtzen, nahiz eta politikan batzuetan zubi horiek igarotzeko zailak izan edo oztopoz beteta egon, baina berak ez zuen inoiz zubirik apurtu, eta hori zen bere ezaugarri nagusietako bat" gogoratu du.

Euskal gaietan ere paper garrantzitsua izan zuela adierazi du Erkorekak, eta ildo horretan "elkarbizitzaren alde egindako lana" goraipatu du, "beti kontsentsu eta akordioaren bidetik".

Albisteak (4)