ERREAKZIOAK
Lankidetza frantziar-espainiarra goraipatu du Sanchezek, Urrutikoetxearen atxiloketan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
ETAko buruzagi politiko ohia Frantziako Alpeetan atxilotu dute ostegun honetan.
Josu Urrutikoetxearen atxiloketak erreakzio soka luzea eragin du.
ETAko buruzagi politiko ohia 2002tik zegoen ihes egin da. Duela urtebete, 2018ko maiatzaren 3an, Urrutikoetxea izan ETAren azken adierazpena irakurri zuenetako bat.
Albistearen berri izan ostean, hitz egiten lehena Jesus Loza Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) duen ordezkaria izan da. Haren esanetan, atxiloketa honek agerian uzten du Zuzenbide Estatuak "normaltasunez" funtzionatzen duela eta "gaizkileak atxilotu" egiten direla.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak Frantziaren eta Espainiaren arteko lankidetza goraipatu du. Izan ere, Frantziako Alpeetan, Sallanches herrian, egin dute atxiloketa Guardia Zibilak eta Frantziako Poliziak.
"Lankidetza frantziar-espainiarrak bere eraginkortasuna erakutsi du beste behin. Nire aitortza Guardia Zibilari eta DGSI Frantziako Inteligentzia Zerbitzuei Josu Ternera ETAko buruaren atxiloketagatik Frantzian", adierazi du bere Twitter kontuan zabaldutako mezuan.
Aldi berean, babes mezu bat bidali nahi izan die ETAren biktimei: "Gaur inoiz baino gehiago besarkada bat terrorismoaren biktima guztiei", gaineratu du.
Albert Rivera Ciudadanoseko presidenteak, bere aldetik, azken atxiloketa goratu du eta "legearen pisu guztia" bere gainera erortzea eskatu du.
Alderdi laranjako buruzagiak albiste ona dela nabarmendu du. "Legearen pisu guztia hainbeste errugaberi min egin dien terrorista horren gainera erortzea espero dut. Eskerrik asko Guardia Zibilari eta Frantziako Poliziari egindako lan bikainagatik", gaineratu du bere Twitter kontuan zabaldutako mezuan.
Pablo Casado PPko presidenteak ere atxiloketaren balorazioa egin du eta Guardia Zibila eta Frantzia zoriondu ditu, hurrenez hurren, "eredugarritasunagatik" eta lankidetzagatik.
"Josu Ternera odoltsuaren atxiloketa albiste ona da", idatzi du Twitterreko bere kontuan. "ETAri buruzko egia, justizia eta terrorismoaren biktimen duintasuna gailenduko dira ignominiaren aurrean", ziurtatu du.
Iñigo Urkullu lehendakariak konfiantza agertu du estatu frantziarreko eta espainiarreko segurtasun indarrengan. Haren esanetan, iraganarekiko ikuspegi kritikoarekin begiratzen diote herritarrek etorkizunari.
Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidente eta Geroa Baiko lehendakarigaiak ez du atxiloketari buruzko baloraziorik egin nahi izan, harik eta polizia operazioa amaitu eta informazio guztia mahai gainean izan arte.
Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiaren esanetan, "bakea eta elkarbizitza sendotu ez daitezen interesa dute zenbaitek, baina herri honek bakearen, elkarbizitzaren eta askatasunaren aldeko apustu irmoa egin du. Ez gaituzte bide horretatik aldenduko". Halaber, PSOEren aukera bakarra polizia, espetxea eta epaileak direla adierazi du: "Bakeak etsai boteretsuak ditu", esan du.
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak Alfredo Perez Rubalcaba gogoratu nahi izan du atxiloketaren berri izan ostean, haren esanetan, hil berri den buruzagi sozialista ohiak ETAren aurka egindako lana azpimarratuz.
Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak, berriz, "indarkeriaren eta errepresioaren estrategia alde batera utzi dezatela eta estrategia politikoa, baketsua eta demokratikoaren aldeko apustua egin dezatela" eskatu dio Frantziari zein Espainiari, baita PSOEri ere. Rodriguezek Urrutikoetxearen atxiloketa deitoratu eta atxilotua askatasuna eskatu du. Halaber, Urrutikoetxearen senideei besarkada bat bidali die eta "ETAren baitan bakea lortzeko oinarrizko gizona izan dela" gaineratu du.
Bestalde, Jesus Eguiguren PSE-EEko presidente ohiarentzat "ustekabea" izan da atxiloeta, "ETAren amaiera lortzeko oinarrizkoa izan baita Josu Ternera". Horren harira, 2005 eta 2006 urteen artean Urrutikoetxearekin Suitzan izandako elkarrizketen ostean, "terrosrismoarekin amaitu nahi zuela baina ETAren erabateko babesa ez zuela" argi gelditu zitzaion.
Terrorismoaren biktima elkarteetatik, berriz, atxiloketa goraipatu dute. Covite biktimen elkartea baikor mintzatu da eta "hilketa guztiengatik" epaituko dutenaren itxaropena agertu du. Maite Araluce AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteko presidentearen esanetan, gaur biktima asko lasaiago egongo dira.
Urrutikoetxearen atxiloketa "onartezina" eta "iraina" dela esan dute Bakearen Artisauek eta Bake Bideak. "Egungo testuinguruan Josu Urrutikoetxearen atxiloketa onartezina eta irain bat da. Frantziako eta Espainiako estatuek azken zortzi urteetan emandako aurrerapauso erabakigarriak ez dituzte arduraz onartu", idatzi dute elkarteek Twitter sare sozialean.
"Bake iraunkor bat bilatzeko konpromisoa berretsi" dute, "elkarbizitza guztion artean eraiki behar delako".