Itxi

Hauteskunde-inkesta, EAEn

Aburto, Larrion eta Goia dira balorazio altuena jaso duten alkategaiak

EiTB.EUS

Leer en Castellano

EiTB Focus inkestaren arabera, datozen hauteskundeetako parte hartzea % 70ekoa izango da.

Alkategaien balorazioa. Argazkia: EiTB

Juan Maria Aburto (EAJ/PNV), Miren Larrion (EH Bildu) eta Eneko Goia (EAJ/PNV) dira alkategai baloratuenak, EiTB Focus inkestak jakitera eman duenez. Gizaker enpresak egin du galdetegia ETBrentzat. Juan Maria Aburtok 6,4ko nota lortu du, eta Miren Larrionek eta Eneko Goiak 6,1ekoa. Datozen hauteskundeetako parte hartzea % 70era igoko dela dio inkestak.

Inkesta maiatzaren 9a eta 14a bitartean egin dute 1.750 telefono-dei eginez Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gasteizen, Bilbon eta Donostian izango diren udal hauteskundeetako emaitzak eman dira ezagutzera goizean.

Gasteizko alkategai baloratuena EH Bilduko Miren Larrion da (6,1eko nota). Gorka Urtaranek (EAJ/PNV), egungo alkateak, apur bat baxuagoa lortu du (5,5). Maider Etxebarria PSE-EEko hautagaiak eta Fernando Lopez Castillo Elkarrekin Podemosekoak gainditu egin dute. Leticia Comeron PPko hautagaiak, berriz, ez du gainditu.

Bilboko hautagaiei dagokienez, Juan Maria Aburtok (EAJ/PNV) 6,4ko nota lortu du, EH Bilduko Jone Goirizelaiak 5,9ekoa eta PSE-EEko Alfonso Gilek 5ekoa. Elkarrekin Podemoseko Ana Viñalsek, Ganemos Goazen Bilbaoko Samir Lahdouk eta PPko Raquel Gonzalek ez dute gainditu.

Donostian, Eneko Goia (EAJ/PNV) da hautagai baloratuena (6,1). Reyes Carrere (EH Bildu) geratu da ondoren (5,6) eta Aitzole Araneta (Elkarrekin Podemos) hurrengo (5). Ernesto Gasco (PSE-EE) eta Borja Semper (PP) alkategaiek ez dute gainditu.

Maiatzaren 26ko udal hauteskundeetako parte hartzeari dagokionez, % 70ekoa izatea espero da.

Fitxa teknikoa

EAEn bizi diren 1.750 pertsona (Gasteizen 400, eta Arabako gainerako udalerrietan 150; Bilbon 400 eta Bizkaiko gainerako udalerrietan 200; Donostian 400 eta Gipuzkoako gainerako udalerrietan 200).

La= ±% 2,34, konfiantza-maila % 95, p=q=0´5, EAEko datuetarako, ±% 4,18 Arabako datuetarako, % 4,00 Bizkaiko datuetarako, % 4,00 Gipuzkoako datuetarako, % 4,90 Gasteizko datuetarako, % 4,90 Bilboko datuetarako eta ±% 4,90 Donostiako datuetarako.

Lurralde, udalerri, sexu eta adinaren arabera geruzatutako zorizko lagina. Inkesten % 21,1 euskaraz egin dira, eta gainerako % 78,9a, gaztelaniaz.

Inkesta hori egiteko hautatutako udalen populazio-tamainagatik haztatutako erabateko emaitzak dira.

Landa-lana 2019ko maiatzaren 9a eta 14a bitartean egin zuten telefono bidezko elkarrizketak eginez.

Galdeketen batez besteko iraupena 3 minutu eta 22 segundokoa izan zen: motzenak 2 minutu iraun zuen, eta luzeenak, 10 minutu.

Albisteak (1)

Informazio gehiago (1)