Itxi

Frantzian atxilotua

Josu Urrutikoetxea Bonnevilleko espetxera bidali du epaileak

EITB.EUS

Leer en Castellano

Parisera eramateko zain, gehienez lau egun emango ditu Bonnevilleko kartzelan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Josu Urrutikoetxea Bengoetxea, Josu Ternera, jadanik deseginda dagoen ETAren buruzagi ohia Bonnevilleko (Frantzia) espetxera bidali du bertako epaileak.

Patrice Guigone prokuradoreak kazetariei azaldu dienez, Urrutikoetxeak hamar egun ditu zortzi urteko espetxe-zigorraren aurka egiteko. Frantziak 2017an ezarri zion zigorra, ihes eginda zegoela.

Parisera eramateko zain, Bonnevilleko kartzelan gehienez lau egun emango ditu Urrutikoetxeak, prokuradoreak zehaztu duenez.

Goizeko lehen orduan atxilotu dute Sallanchesko ospitalearen aparkalekuan, "modu nahiko lasaian eta berak aurka egin barik", operazioan parte hartu duen jendarme batek ziurtatu duenez.

Handik, Sallancheseko polizia-etxera eraman dute, eta bertatik berriro ospitalera; izan ere, tratamendua jasotzen ari zen. Ordubete baino gutxiago eman du bertan, ondoren polizia-etxera bueltatzeko.

Bonnevillera eramateko zain, goiza bukatu eta arratsaldeko lehen orduak Sallanchesko polizia-etxean eman ditu ETAko buruzagi ohiak.

Ugaon 1950eko abenduaren 24an jaio zen Urrutikoetxea, eta 2002tik zegoen ihes eginda.

ETAko kide historikoa izandakoa, erakunde armatuak abiatutako hainbat negoziaziotan hartu du parte. Besteak beste, Aljerreko elkarrizketetan edota PSOErekin 2006an Suitzan egindakoetan izan zen. 2018ko maiatzaren 3an berak eta Marixol Iparragirrek irakurri zuten ETAk bere amaiera iragartzeko egindako azken agiria.

2002tik ihes eginda

Urrutikoetxea 1989an atxilotu zuten lehen aldiz, Baionan. Frantziako justiziak 10 urteko kartzela zigorra ezarri zion, eta 1996an Espainiako Estatuaren esku utzi zuen. Zigorra beteta, 1998an geratu zen aske. 2000 eta 2002. urteen artean Euskal Herritarrok (EH) taldeko legebiltzarkidea izan zen.

ETAk Zaragozako kuartel-etxearen kontra egindako atentatuarekin zerikusia zuelakoan, Auzitegi Gorenak (legebiltzarkide izaki) deklaratzera deitu zuen 2002ko azaroan. Agertu ez zenez, hura bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman zuen nazioartean. Hain justu, agindu horren harira atxilotu dute gaur.

Espainiako justiziak 2017an auzi-ihesean epaitu zuen Urrutikoetxea: zortzi urteko kartzela zigorra ezarri zion. Frantziak, bestalde, zazpi urteko espetxe zigorra ezarri zion 2010ean.

Auzitegi Nazionalak 'Ternera' espainiaratzeko eskatuko du

Auzitegi Nazionalak Urrutikoetxearen espainiaratzea eskatuko du lau auzirengatik epaitua izateko, atxilotzeko eta espetxeratzeko nazioarteko agindua baitauka, auzitegiko iturriek jakinarazi dutenez.

Besteak beste, 1987an Zaragozako Guardia Zibilaren kuartel baten aurkako atentatua agindu izana egotzi zioten; horretan, 11 lagun hil ziren, sei haur, tartean. 2002an Auzitegi Nazionaleko 3. zenbakiko Instrukzioko epaitegi zentralak atentatu horrengatik prozesatu zuen.

Halaber, ETAk 1980an Luis Maria Hergueta Guinea Michelin enpresako agintariaren hilketa agindu izana egotzi zioten, eta 2005ean Auzitegi Nazionaleko 1. zenbakiko Instrukzioko epaitegi zentralak auzipetu zuen.

Auzitegi Nazionaleko 3. zenbakiko Instrukzioko epaitegi zentralak gizateriaren aurkako delituak ere egotzi dizkio, 2004tik aurrera ETAko bost agintarik agindutako atentatuengatik.

Erreakzioak

Jesus Loza Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria izan da Urrutikoetxearen atxiloketari buruzko iritzia ematen lehena. "Zuzenbide-estatuak normaltasunez funtzionatzen du eta gaizkileak atxilotu egiten ditugu", esan du. Gerora, errenkadan etorri dira Pedro Sanchez Espainiako Gobernuaren jarduneko presidentearen erreakzioa zein beste buruzagi politiko batzuena ere, Iñigo Urkullu eta Uxue Barkos lehendakariak, tartean. Halaber, alderdi politikoek ere beren balorazioa egin dute, EH Bilduk eta Sortuk, besteak beste.

Urrutikoetxearen atxiloketa "onartezina" eta "iraina" dela esan dute Bakearen Artisauek eta Bake Bideak. "Egungo testuinguruan Josu Urrutikoetxearen atxiloketa onartezina eta irain bat da. Frantziako eta Espainiako estatuek azken zortzi urteetan emandako aurrerapauso erabakigarriak ez dituzte arduraz onartu", idatzi dute elkarteek Twitter sare sozialean.

"Bake iraunkor bat bilatzeko konpromisoa berretsi" dute, "elkarbizitza guztion artean eraiki behar delako".

Albisteak (3)

Bideoak (3)