Itxi

Katalunia

NBEko lantalde batek 'bidegabetzat' jo du buruzagi independentisten espetxeratzea

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Junquerasen, Sanchezen eta Cuixarten behin-behineko espetxealdiak giza eskubideak urratzen dituela uste du aipatu erakundeak. Hori dela eta, hiru presoak aske uzteko eskatu dio Espainiako Gobernuari.

Your browser doesn’t support HTML5 video

NBEko lantalde batek "bidegabetzat" jo du Oriol Junquerasen, Jordi Sanchezen eta Jordi Cuixarten behin-behineko espetxealdia, EFE albiste agentziak jakin ahal izan duenez.

Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordearen esku dagoen aipatu erakundeak uste du hiru buruzagi independentisten behin-behineko espetxealdiak giza eskubideak urratzen dituela. Hori dela eta, hiru presoak aske uzteko eskatu dio Espainiako Gobernuari.

Ben Emmerson politikari kataluiarren abokatuak aurreratu du Espainiak "nazioarteko komunitatearen zigorra jaso lezakeela, baldin eta preso dauden politikari horiek aske uzten ez baditu".

Ebazpenean, atzerapenik gabe, Cuixarten, Sanchezen eta Junquerasen egoera saihesteko neurriak hartzea eskatu dio lantaldeak Espainiako Gobernuari, "bakoitzari dagokion kalte-ordaina emanda".

Era berean, "ikerketa sakon eta aske bat abiatzea" galdegin dio, auzipetuei askatasuna eragotzi dietela iritzita. Horregatik, horien eskubideak urratu dituztenen kontrako neurriak ere exijitu dizkiote Pedro Sanchezen Gobernuari.

Dokumentuan, "horrekin lotuta hartutako neurriei buruzko informazioa" eskatu diote Gobernuari; besteak beste, Cuixart, Sanchez eta Junqueras aske noiz utziko dituzten zehaztea, zer-nolako kalte-ordainak jasoko dituzten argitzea eta hiru politikari horien eskubideen urratzea ikertu duten ala ez adieraztea.

Emmerson: "Espainiak erabakiari entzungor egiten baldin badio edo berehala eta erabat betetzen ez baldin badu nazioarteko legea nabarmen urratuko luke"

Presoak "berehala" askatzeko eskatu dio Ben Emmerson Kataluniako hiru buruzagi independentistaren abokatuak Espainiari, txostenaren ondorioak betetzeko.

"Espainiak erabakiari entzungor egiten baldin badio edo berehala eta erabat betetzen ez baldin badu nazioarteko legea nabarmen urratuko luke", adierazi du Emmersonek prentsaurrekoan, Londresen.

Emmersonen ahotan, "NBEko agintepean" dagoen organismo baten "azken hitza" da, nazioarteko legediak markatzen dituen "betebeharren" irakurketa egiteko orduan.

Txostena ikusita, Jordi Cuixart Omniumeko presidentearen defentsak preso independentista behin-behineko askatasunean uztea eskatu dio Auzitegi Gorenari.

"Une honetan" prozedura judiziala "nekez" mantendu daitekeela uste du Cuixarten defentsak, NBEk behin-behineko espetxealdia "bidegabea" dela ebatzi ondoren.

Espainiako Gobernuak, aldiz, txostenari balioa kendu dio. Gainera, une honetan "oso larritzat" jo du Moncloak, "martxan dagoen zigor prozesu batean muturra sartzen ari delako".




Albisteak (2)

Bideoak (1)