Auzitegi Gorena
Kataluniako prozesuaren epaiketako eskaerak mantendu ditu Fiskaltzak
Agentziak | Erredakzioa
25 urteko kartzela zigorraren eskaera mantentzen du Fiskaltzak Oriol Junquerasentzat matxinada eta dirua bidegabe erabiltzea egotzita. Abokatutzak 12 urte eskatzen ditu, sedizioa leporatuta.
Oriol Junqueras Kataluniako Generalitateko presidenteorde ohi eta etendako diputatuaren kontra 25 urteko kartzela zigorraren eskaera mantendu du Auzitegi Goreneko Fiskaltzak, matxinada eta dirua bidegabe erabiltzea leporatuta. Matxinada egotzita epaitzen ari diren beste zortzi buruzagi independentistaren aurkako eskaera ere mantendu du.
Desobedientzia eta dirua bidegabe erabiltzea leporatuta epaitzen ari diren hiru kontseilari ohientzat ere eskaera bera mantendu du.
Ekainaren 4an, 10:00etatik aurrera, Fiskaltzak, Estatuko Abokatutzak eta herri akusazioak ahozko txostenak aurkeztuko dituzte, eta 11an eta 12an, defentsek. Azken egun horietan, era berean, akusatuek azken hitza esateko aukera izango dute.
Estatuaren Abokatuak ere 12 urteko kartzela zigorra mantendu du Junquerasentzat, sedizioa eta dirua bidegabe erabiltzea leporatuta. Jordi Turull, Joaquim Forn, Josep Rull, Raul Romeva eta Dolors Bassa kontseilari ohientzat 11 urte eta erdiko espetxe zigorra eskatzen du; Carme Forcadell Parlamentuko presidente ohiarentzat, 10 urtekoa, eta Jordi Sanchez eta Jordi Cuixartentzat, 8 urtekoa, denak sedizioagatik. Fiskaltzarengandik bereizi zen eskaera horiekin.
Santiago Vila Enpresa kontseilari ohiaren aurkako antolakunde kriminala osatzeagatiko eta dirua bidegabe erabiltzeagatiko eskaerak baztertu ditu Voxek, eta desobedientzia baino ez dio leporatzen orain. Horrek ez dakar espetxe zigorrik.