Itxi

Hauteskunde osteko itunak

Gonzalez EAJrekin koalizioa errepikatzearen aldekoa da, 'emaitzak eman dituelako'

Agentziak | Erredakzioa

Idoia Mendiak esandakoaren ildotik mintzatu da Arabako PSE-EEko idazkari nagusia, eta "akordio globala' eskatu du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Idoia Mendiak esandakoaren ildo beretik, Cristina Gonzalez Arabako PSE-EEko idazkari nagusia sozialistek azken lau urteotan izan duten koalizio ituna errepikatzearen alde agertu da gaur. Gonzalezen hitzetan, koalizioak "emaitzak eman ditu" eta herritarrek ere babesa eman zioten maiatzaren 26ko foru eta udal hauteskundeetan.

Araban eta Gasteizen PSE-EEk izan dituen emaitzen balorazioa egiteko prentsaurrekoa eman du gaur Gonzalezek. Azaldu duenez, Araban 5 batzarkide gehiago (%100) eta Gasteizko Udalean 2 zinegotzi gehiago ( %50) eskuratu dituzte.

Gonzalezen ustez, "erakundeen egonkortasuna bermatzeko lau urteotan egindako lanaren" emaitza da M26koa, "baita aniztasun eta elkarbizitza errespetatzearen eta kudeaketa gertu eta eraginkor" baten emaitza ere.

EAJrekin izandako koalizioa, "aukera onena"

Datorren legegintzaldiko gobernuak osatze aldera, buruzagi sozialistak gogorarazi du alderdiek ez dutela gehiengo osorik, eta beraz, "akordioak ezinbestekoak dira".

Horren ildoan, jeltzaleen eratutako koalizioa lehenetsi du, herritarren "oniritzia" duelako eta "aukera onena" delako. Hori horrela, "abiapuntua" hori da, horren aburuz.

Gonzalezen esanetan, akordioak "globala" behar du, batzar nagusietan zein udaletan. Zigoitiaren kasua aipatu du Gonzalezek: EH Bilduk irabazi zuen, baina EAJk eta PSEk Alkatetza ken diezaiokete.

Bestalde, Gonzalezek ez du baztertu PSE-EEk Gasteizko Alkatetzarako hautagaia aurkeztea, EAJk Irunerako aurkezten badu. Hori horrela, halakoak saihesteko "akordio global" bat erdietsi behar dela nabarmendu du.

EH Bildu, oposiziotik akordio zehatzak egiteko prest

Bestalde, Miren Larrionek jakinarazi du EH Bilduk oposizio eraikitzailea egingo duela eta erantsi du koalizio soberanista prest egongo dela Gasteizeko udaletxean akordio zehatzak egiteko, herritarrentzako onurak ekarriko badituzte.

Gorka Urtaranek atzo abiarazi zituen gainerako taldeetako bozeramaileekin bilerak eta gaur Larrionekin batzartu da.

Bileraren ostean, EH Bilduk oharra kaleratu du "oposizio eraikitzailea" egingo duela eta herritarren beharrizanen araberako proiektuak babestuko dituela berretsita. Ildo horretan, prest agertu da akordio zehatzak egiteko, "hiriarentzat aurrerapausoa ematea suposatuko badu".  

Halaber, EH Bilduk Gasteiz "eraldatzeko" eta herritarren bizi baldintzak hobetzeko proposamenak egiten jarraituko duela esan du Larrionek.

EH Bildu hirugarren indarra da Gasteizen eta sei zinegotzi izango ditu, PSE-EEk bezala. EAJk zazpi hautetsi lortu ditu; PPk, bost; eta Elkarrekin Podemosek, hiru.



Albisteak (2)

Bideoak (1)