Katalunia
Torrak Kataluniako presoak askatzeko eskatu dio Sanchezi, NBEren txostena betez
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gainera, eskaera formala bidali dio Estatuko Fiskaltza Nagusiari preso dauden Kataluniako buruzagi independentistei dagokien kalte-ordaina jasotzeko eskubidea aitortzeko.
Quim Torra Generalitateko presidenteak gutun bat bidali dio ostiral honetan Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari Kataluniako presoen askatasuna aldarrikatuz. Hain zuzen ere, Estatuko Fiskaltza Nagusiaren eta Estatuko Abokatutzaren bitartez, Nazio Batuen Erakundeko lantalde batek aste honetan aurkeztutako txostena betetzeko eskatu dio eskutitz horretan. NBEk bidegabetzat jo zuen asteazkenean Jordi Cuixarten, Jordi Sanchezen eta Oriol Junquerasen espetxeratzea.
Torraren eskaeraren berri Meritxell Budo Kataluniako Gobernuko bozeramaileak eman du, gaur bertan egin duten ezohiko bileraren ostean. Bertan adierazi du Sanchezek "preso politikoak askatzeko neurriak" hartuko behar dituela.
Bestalde, Generalitateko presidenteak eskaera formala bidali dio Estatuko Fiskaltza Nagusiari preso dauden Kataluniako buruzagi independentistei dagokien kalte-ordaina jasotzeko eskubidea aitor diezaien. Halaber, preso politikoak berehala kartzelatik ateratzeko eskatu dio gutun formal horretan.
Kataluniako Gobernuak uste du Gorenak aitortu egin behar duela "kalte-ordaina jasotzeko eskubidea", eta Fiskaltzari zein Sanchezi dagokiela horretaz arduratzea.
Budoren esanetan, NBEren lantaldearen erabakiak argi utzi du preso independentisten auzian Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsaleko hainbat artikulu urratu dituztela. Hori dela eta, "Pedro Sanchezen Gobernuak txostenean esaten dena bete beharko luke", esan du.
Eskubideen urraketaren azterketa
Bukatzeko, NBEren txostena ahalik eta gehien zabaltzeko galdegin dio Sanchezi, presoen kaleratzeari buruzko ikerketa sakona egitea eta horien eskubideak urratu dituztenen aurkako neurriak hartzea aholkatzeaz gain.