Elkarrizketa Radio Euskadi
Izaskun Bilbao: 'Legebiltzarrak lortutako akordioa apurtu du EH Bilduk'
Radio Euskadi | erredakzioa
Koalizio abertzaleak estatutu politiko berriaren testu bat aurkeztuko duela iragarri duela-eta, kritiko azaldu da EAJren eurodiputatua.
Maiatzaren 26ko Europako hauteskundeetan beste lau urtez ordezkaritza lortu duen Izaskun Bilbao EAJren eurodiputatu elkarrizketatu dute gaur Radio Euskadin. Elkarrizketan, hauteskunde kanpainan EH Bilduk egindako iragarpenari buruz galdetu diote. Arnaldo Otegik esan zuenez, ekainean estatutu politiko berriaren testu bat aurkeztuko du EH Bilduk.
Bilbaorentzat "harrigarria" da koalizio abertzalearne ekimena. Horren aburuz, "Legebiltzarrak lortutako akordioa apurtu du EH Bilduk". Gasteizeko ganberako lantaldean ituna lortu zuten EAJk eta EH Bilduk, eta orain akordio hori oinarri hartuta, adituen talde bat ari da testua idazten. Beste testu bat proposatzeko hautuak "EH Bilduk dituen barne arazoei" erantzuten diela uste du EAJren eurodiputatuak. Horren ildoan nabarmendu duenez, adituen lanak "bere horretan jarraitu behar du" EH Bilduk kontrakoa nahi badu ere.
Udal eta foru hauteskundeen osteko itunei buruz galdetuta, Bilbaok erantzun du EAJren eta PSE-EEren arteko koalizio akordioa "positiboa" izan dela, eta eredua errepikatzearen alde agertu da. Dena dela, gogorarazi du alderdiaren zuzendaritzak —gaur da biltzekoa— izango duela azken hitza: "EBBk erabakiko du bidea, baina argi dago euskal herritarrek modu positiboan hartu dute egonkortasun hori, eta akordioak ongi funtzionatu du".
Carles Puigdemonten behin-behineko akreditazioa ere izan du hizpide EAJko kideak. Bilbaoren iritzian, "Antonio Tajani Parlamentuko presidenteak batzuen alde egin du, eta ez du denen ordezkari den erakunde baten mailan jokatu". EAJren eurodiputatuak esan du erabakia "absurdoa" dela "behin-behineko akreditazioek ez dutelako ezertarako balio, ez bada izapideak aurreratzeko". "Ez dut ulertzen zergatik baliogabetu behar diren gainerako eurodiputatuen akreditazioak. Gauzak txarto egiten ari dira. Parlamentuko presidentea gatazka horretatik kanpo geratu beharko litzateke".
______________________
Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du.