Itxi

Nafarroa

EH Bilduk PSNri: 'Eskuinari aurre egiteko EH Bildurekin hitz egin behar da'

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Bakartxo Ruizek 'zintzotasuna' eskatu die sozialistei, eta 'argi' esan dezatela benetan eskuinarekiko 'gehiengo alternatiboa' osatu nahi duten.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Bakartxo Ruiz EH Bilduren Nafarroako Parlamenturako zerrendaburuak mezu argia eman dio PSNri: "Nafarroan eskuinari aurre egiteko EH Bildurekin hitz egin behar da".

Ruizek prentsaurrekoa eskaini du gaur, PSNk eta Geroa Baik gobernua osatzeko bilera sorta abiatu duten egun berean. Barkosen alderdiarekin ez ezik, Nafarroako Ahal Dugurekin eta I-Erekin hartu-emanak izango dituzte sozialistek, baina ez koalizio abertzalearekin, "gainditu ezin den marra gorritzat" hartu baitute.

EH Bilduren hautagairentzat sozialisten betoa "ez da logikoa", alderdi batek gehiengo ez duenean "hitz egin behar" delako. "Argi esango dut: hitz egin behar da, eta horretarako EH Bilduk bere disposizioa osoa mahaigaineratzen du. Ez delako onargarria bazterkerian oinarritutako interlokuzio markoa inposatzea. Nafarroan inork ez duelako sinisten eskuinari aurre egiteko EH Bildu aintzat ez hartzea. Ez da ulertzen eskuinari aurre egiteko 50.000 boto baino gehiago jaso dituen indar batekin, eta momentu honetan 7 parlamentario dituen indar batekin ez hitz egin nahi ez izatea. Eta ez bakarrik inbestidura baterako, baizik eta lau urtez gobernatu ahal izateko", erantsi du.

Bakartxo Ruizek azpimarratu duenez, sozialisten jarrera ez da "sinesgarria", koalizioak eta PSNk "beti hitz egin" dutelako, eta "legegintzaldi honetan ere" hitz egin dutelako.

Ruizen ustez, "PSNk temati jarraitzen badu ukatzen errealitatea zein den, politika fikzioa egiten ariko da Alderdi Sozialista".

Hori horrela, "zintzotasuna" eskatu dio PSNri, "Nafarroako jendarteari argi esan beharko dio bere asmoa benetan eskuinarekiko gehiengo alternatiboa osatzea ote den, eta horretarako EH Bildurekin eseri beharko da".

Azken mezu bat helarazi nahi izan du EH Bilduko buruzagiak: "Erabakiak Nafarroan hartu behar dira; erabakiak ezin dira Ferrazen hartu. Azken egunotan berriro ikusi dugu Ferrazen eta Nafarroako Alderdi Sozialistaren kulebroi hori, nafar jendarteak behin baino gehiagotan ikusi duena, eta uste dugu jendartea nazkatuta dagoela horrekin".


Albisteak (3)

Bideoak (1)