Irungo Udala
Irungo alkatetza lortzeko EAJ 'itun arraroak' bilatzen dabilela salatu du Santanok
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hauteskundeak PSE-EEk irabazi zituen, baina Xabier Iridoy jeltzaleak alkatetza lehiatuko dio Jose Antonio Santano sozialistari. Helburua lortzeko EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen babesa behar du.
Jose Antonio Santano (PSE-EE) Irungo jarduneko alkateak uste du herritarrek ez luketela ulertuko EAJk "aliantza arraroak" egitea EH Bildurekin eta Elkarrekin Podemosekin alkatetza eskuratzeko.
EAJren Euzkadi Buru Batzarrak hartutako erabakiari entzungor eginda, Xabier Iridoy alkategai jeltzaleak bere hautagaitza aurkezteko asmoa daukala jakinarazi du asteon, maiatzaren 26ko udal-hauteskundeetan Euskadiko Alderdi Sozialista gailendu bazen ere.
Gaur, Santanok gogoratu du irabazteaz gain, PSE-EEk emaitzak hobetu dituela hauteskundeetan, eta, ondorioz, "politikoki nahiz sozialki" Irungo alkate izaten jarraitzeko "zilegitasun osoa" daukala azpimarratu du.
"Herritarrek bozkatu egin zuten eta ideia oso argiak transmititu zituzten. Batzar Nagusietarako hauteskundeetan, Irunen, oso gutxigatik nagusitu zen EAJ. Alabaina, udal hauteskundeei dagokionez, PSE-EE eta EAJren arteko aldea 3.600 botokoa izan zen. Herritarrek argi adierazi dute nor ikusi nahi duten Irungo alkatetzan", azaldu du.
Gauzak horrela, Santanok esan du ekimena hartzea berari dagokiola eta talde politiko guztiekin bilera-sorta abiatu duela jada. "Irungo proiektuak hizpide, talde guztiekin adostasun puntuak bilatu nahi ditugu eta uste dut bide onetik goazela", erantsi du.
Halaber, Xabier Iridoyren jarrerak "harridura" eragin diola adierazi du, alkatetza lortu ahal izateko EH Bildurekin eta Elkarrekin Podemosekin akordio batera heldu beharko litzatekeelako.
"Inoiz ez du horrelako jarrerarik ikusi. Hauteskundeetako emaitzak zalantzan jartzen ari dira, eta herritarrek ez dute ulertuko aliantza arrarorik egitea hauteskundeak irabazi dituen alderdiari kontra egiteko", nabarmendu du.