EAJ-PSE negoziazioa
Zerrendarik bozkatuenak agintzea, EAJrekin akordioa egiteko PSEren baldintza
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Irunen ez litzateke baldintza hori beteko; izan ere, Xabier Iridoy jeltzaleak alkatetza lehiatu nahi dio Jose Antonio Santano sozialistari, hauteskundetan PSE gailendu bazen ere.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Euskadiko Alderdi Sozialistak baldintza bat jarri dio EAJri udaletxeetan eta foru aldundietan gobernatzeko itun orokorra adostu ahal izateko: bien artean boto gehien lortu duen alderdiak agintzea, hain zuzen ere.
Baldintza hori ez litzateke Irunen beteko; izan ere, Xabier Iridoy jeltzaleak alkatetza lehiatu nahi dio Jose Antonio Santano sozialistari, hauteskundetan PSE gailendu bazen ere.
EFE berri-agentziak zabaldu duenez, Gipuzkoako PSE-EEk ez du Irungo alkatetza galtzerik onartuko eta aipatu baldintza negoziatzen hasteko marra gorritzat jartzea eskatu diote zuzendaritza nagusiari.
Euskadiko Alderdi Sozialistaren zuzendaritza ados dago eta uste du ezinbestekoa dela EAJk oinarrizko baldintza hori onartzea negoziatzen hasi ahal izateko. Kondizio hori EAJk edo PSE-EEk irabazi duten udalerrietan aplikatuko lukete.
Halaber, beste alderdi batzuk gailendu diren herrietan, EAJk eta PSE-EEk bat egingo lukete alkatetzak eskuratzeko, Pasaian, Andoainen, Lezon, Mendaron, Soraluzen, Alonsotegin edo Laguardian, esaterako.
Andoni Ortuzar eta Idoia Mendia joan den asteazkenean bildu ziren lehendabiziko aldiz balizko itunaz hitz egiteko, baina gai orokorrez aritu ziren eta negoziazioa datorren astean izango da, oraingoz egutegirik zehaztu ez badute ere.
Udalak ekainaren 15ean osatuko dira, eta aurrez PSE-EEk kontsulta bat egingo du balizko akordioa berresteko. Beraz, ituna asteazkenerako eginda egon beharko litzatekeela aurreikusten da.