PSE-EAJ
EAJk Irunen erabakitakoak negoziazioari bide ematen diola aitortu du PSE-EEk
agentziak | erredakzioa
Sozialisten eta jeltzaleen arteko elkarrizketak datozen egunotan abiatu beharko dira, izan ere, PSE-EEk ostegunean egingo du barne bozketa akordioaren inguruan.
Eneko Andueza PSE-EEren Gipuzkoako idazkari nagusiak uste du EAJk Irunen Xabier Iridoyren hautagaitzari uko egin izanak "desblokeatu" egiten duela negoziazioa, udaletan eta Batzar Nagusietan gobernagarritasun ituna sinatzeko.
EAJk Iridoy aurkeztu behar zuen Santano sozialistari Irungo alkatetza kentzeko hautagai gisa, eta horren eraginez bertan behera geratu zen sozialisten eta jeltzaleen arteko negoziazioa, baina Anduezak uste du orain "hitz egiten hasi beharko dela EAJrekin udalei egonkortasuna emango dien ituna lortzeko".
Izan ere, Irungo aferak, Anduezaren esanetan, "negoziazio osoa baldintzatzen zuen egoeraren desblokeoa ekarriko du".
Gipuzkoako sozialisten buruak Joseba Egibar EAJren EBBren presidentearen hitzak ere izan ditu hizpide, jeltzaleen erabakiak PSE-EEren "xantaia"ri erantzuten diola esan baitu.
"Nik uste dut inola ere ez dagoela xantaiarik, argi dago. Gure jarrera irmoa besterik ez da izan, aurreko legegintzaldian udalei egonkortasuna eman dien itunaren aurkako erasoa eta desleialtasuna zela iritzi geniolako", gaineratu du.
Militantziaren bozketa
Bestalde, Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramaileak gogorarazi du militanteek dutela azken hitza jeltzaleekin lotu dezaketen itunaren inguruan, eta ostegunean izango dela bozketa hori, "beranduenera".
Hori dela eta, datorren larunbatera, udalak osatzeko egunera, itun osorik gabe iritsiko direla uste du, eta zerrenda bozkatuena errespetatzeko akordioarekin soilik joango direla, aurrerago ituna zabaltzeko borondatearekin.
Joseba Egibarrek, bere aldetik, esan du datozen egunetan "aurrera" egin beharko dutela negoziazio prozesuan, aurreko asteazkeneko batzarrean "Irungo gaiak ordubete" hartu zuelako, eta gero zerrenda bozkatuena errespetatzeko irizpideaz solastatu ziren soilik.