Akordioa
EAJ-PSE ituna negoziatzeko aste erabakigarria
Ainara Ortiz | Euskadi Irratia
Itun horrek, kasu gehientsuenetan, EH Bilduri eragotziko lioke Alkatetza eskuratzea boto gehien lortu duen hainbat udalerritan.
Gaur-gaurkoz ia ziurtzat ematen den EAJren eta PSE-EEren arteko gobernagarritasun akordioa da Euskal Autonomia Erkidegoan udal gehien dantzan jarriko lituzkeena, eta kasu gehientsuenetan EH Bilduri eragotziko lioke Alkatetza eskuratzea boto gehien lortu duen udalerrietan ere.
Gipuzkoan, Lezo, Mendaro, Soraluze, Pasaia eta Andoain leudeke egoera horretan. Azken bien kasuan —gaur egun EH Bilduren esku dagoen Andoain eta PSE-EEk gobernatzen duen Pasaia— alkate makila PSE-EEren esku utziko luke jeltzaleen eta sozialisten indar batuketak. Soraluzen, aliantza berak EAJ bultzatuko luke alkatetzara.
Bizkaian, gaur egun alkate jeltzalea duen Alonsotegin ere, parez pare ordezkaritan EH Bildu eta EAJ, lehenengoek boto gehiago lortu arren. PSE-EEren zinegotzi bakarraren laguntzari esker, alkate makila ez litzateke jeltzaleen eskuetatik mugituko.
Arabako Zigoitian bai, kasu honetan EH Bilduko alkatea izatetik udalburu jeltzalea izatera pasatuko lirateke sozialisten laguntzari esker.
Orain arte PPko alkatea izan duen Guardian, berriz, PPk eta EAJk hiruna zinegotzi lortu dituzte. Kasu honetan, gobernagarritasunaren giltza EH Bilduren 2 zinegotziek edota PSE-EEren bakarrak izan lezakete. Bastidan ere, PPkoak kezkatuta daude, sozialistek zinegotzirik atera ez duten udal honetan, EAJk eta EH Bilduk bat eginda, Alkatetza kenduko lioketelako PPri.
Txanponaren beste aldea, Kuartangon. Berdinketaren giltza popularrek dute hemen; PPko bi zinegotziek hiruna atera dituzten EAJren eta EH Bilduren berdinketa apurtuko lukete.
Azkenik, beste balizko puzzle bat, Durangokoa. Azken 40 urteotan EAJren esku egon den herrian jeltzaleak irabazle atera arren, egun dituzten 8 zinegotziek itunak egitera bultzatu dute EAJ. Baina norekin? PSE-EEk lortutako biekin 10 izango lituzkete, eta EH Bilduk eta Podemosek bat eginda 11 pilatuko lituzkete
Galdera, kalkulu eta alderdien arteko barne-presio guztien emaitza datorren larunbatean azaleratuko da, Udalak osatzen diren egunean.