Itxi

Gogoraren txostena

Gutxienez 1.231 euskal herritarren gorpuzkiak daude Erorien Haranean

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

917 identifikatu dituzte eta 314 ez. "Gehienak" senideen baimenik gabe eraman zituzten bertara. Gogorak Eusko Legebiltzarrari txostena igorri dio.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Gogora Memoria, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Institutuak egindako txostenaren arabera, gutxienez 1.231 euskal herritarren gorpuzkiak Erorien Haranean daude hobiratuta; horietatik 917 identifikatu dituzte eta 314 ez. "Gehienak" senideen baimenik gabe eraman zituzten bertara.

Gogorak txostena Eusko Legebiltzarrari igorri dio. Gasteizko Ganberak ikerketa sakon bat egitea eskatu zion Iñigo Urkulluren Exekutiboari azaroaren 22an. Erorien Haranean zenbat euskal herritar dauden zehaztu, haiek identifikatu eta, familiak nahi baldin badu, eta baldintza teknikoek posible egiten baldin badute, gorpuak atera eta Euskadira ekartzea eskatu zuen Legebiltzarrak.

Orain arte bildutako datuekin ikerketa historiakoaren txostenak zehaztu duenez, gutxienez 1.076 pertsonaren gorpuzkiak Euskaditik Erorien Haranera eraman zituzten, eta euskal jatorriko edo bertan bizi ziren beste 155 pertsona eraman zituzten Madrilgo toki horretara, gehienak Ebroko Frontea osatzen zuten probintzietatik.

Erorien Haranean hobiratuta dauden euskal herritarren zerrenda, hemen

Guztira, gutxienez 1.231 euskal herritar; horietatik 917 identifikatu dituzte eta 314 ez, Jonan Fernandez Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetza idazkari nagusiak astelehen honetan azaldu duenez. Lekualdaketa senitartekoen baimenarekin egin ote zen ikertu du Gogorak.

"Gehienak" senideen baimenik gabe eraman zituzten Erorien Haranera

Zentzu horretan, ikerketaren "konplexutasunak" behin betiko daturik eman ahal izatea eragozten duela onartu du Fernandezek, baina "gehienak" senideen baimenik gabe eraman zituztela esan du.

Konkretuki, "kasu gehienetan" familiaren baimenik izan ote zen egiaztatzea ezinezkoa izan da, baina baimen motaren bat 257 kasutan ikusi dute agirietan, eta 2tan bakarrik aurkako jarrera argi bat. Bestalde, identifikatu ez direnen kasuan, 314, "lekualdaketak inolako baimenik gabe egin zirela bistakoa da".

Azkenik, 10 familiak senideen gorpuzkiak berreskuratzeko tramiteak hasi dituztela adierazi du Fernandezek. Horietako 7k eskakizunak Gogoraren bidez egin dituzte.

Albisteak (6)

Bideoak (1)