Espainiako Gobernua
'Kooperazio gobernua' osatzea proposatu dio Pedro Sanchezek Pablo Iglesiasi
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bestalde, bere inbestidura "babestuko ez" duela berretsi dio Riverak presidenteak PSOEko buruzagiari. Era berean, inbestidura errazteko PP abstenituko ez dela errepikatu du Casadok.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidente eta PSOEko buruzagiak eta Pablo Iglesias Unidas Podemoseko buruak "kooperazio gobernua" osatzeko negoziazioak abiatzea adostu dute gaur goizean egin duten bileran. Gaurtik aurrera, hori gauzatzeko lanean hasiko dira.
Ordubete eta hogei minutu inguru iraun duen batzarraren ostean, kazetarien aurrean hitz egin du Podemoseko idazkari nagusiak. "Guretzat izena gutxienekoa da", esan du Pablo Iglesiasek, "garrantzitsuena indar politikoak modu proportzionalean ordezkatuta egotea da". Bilera "ondo joan da", Iglesiasen arabera.
Pablo Iglesiasen esanetan, PSOEk ez die betorik jarriko "kooperazio gobernurako" proposatzen dituen izenei.
Adriana Lastra PSOEko idazkari nagusiordeak azpimarratu duenez, Pedro Sanchezek Pablo Iglesiasi eskaini dion "kooperazio gobernua" ez da Podemosek aldarrikatzen duen "koalizio gobernua". Edozein kasutan, "erreferente" diren independenteak bere baitan har ditzakeela onartu du. PSOEk eskaintzen duen gobernua "irekia, anitza eta integratzailea" izango dela gaineratu du.
Pablo Iglesias Unidas Podemoseko buruarekin ekin dio Pedro Sanchezek inbestidurara begira egingo duen bilera sortari.
Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia eta Albert Rivera Ciudadanoseko presidentea. Argazkia: EFE/Kiko Huesca
Bestalde, bere inbestidura "babestuko ez" duela berretsi dio Albert Rivera Ciudadanoseko presidenteak PSOEko buruzagiari. Hala ere, oposiziotik "Espainiarekiko eta espainiarrekiko jarrera leiala" izango dutela ziurtatu du alderdi laranjako ordezkariak, Estatuko akordio handiak laguntzeko asmoarekin.
Sanchezekin 40 minutuko bilera egin du Riverak. PSOEk eta Podemosek legealdi honetan erabaki ditzaketen "zerga sabladen" aurka "irmo" ekingo dutela iragarri du Ciudadanoseko buruzagiak. Alderdi independentistei eta abertzaleei egiten zaizkien balizko mesedeen aurrean "zelatan" egongo direla agindu du.
Gobernua osatzeko eskatu dio Riverak Pedro Sanchezi, "egiteko betebehar konstituzionala duelako", eta logikoena "ohiko bazkideekin" egitea dela esan du, "populistekin eta abertzaleekin", alegia.
"Espainia osoak zekiena" jarduneko presidenteari baieztatu diola errepikatu du Riverak. Hauteskunde orokorren ostean bildu zirenean jakinarazi omen zion: bere inbestiduraren aurka bozkatuko du Ciudadanosek.
Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia eta Pablo Casado PPko presidentea. Argazkia: EFE/Kiko Huesca
Azkenik, PSOEren eta Unidas Podemosen arteko balizko lankidetza gobernu bat "logikoa" ikusten du Pablo Casado PPko buruzagiak, baina alderdi erregionalistekin osatzea eskatu du, eta ez independentistekin.
Gobernuko jarduneko presidentearekin ia ordubete bilduta eman du Casadok. Inbestidura errazteko PP abstenituko ez dela errepikatu du Alderdi Popularreko buruzagiak prentsaurrekoan.
"Aurreneko itzulian ateratzen ez baldin bada, bigarrenean aterako dela seguru nago", azaldu du Casadok. Inbestidura saioa "laster" egitea aldarrikatu du PPko presidenteak, ekintza legegilea eta Gobernuaren kontrola lehenbailehen hasteko.
155. artikuluaz haratago beste neurri batzuk aplikatzea aztertzeko prest agertu da Casado bileran, Katalunian "gutxieneko arauak" betetzea bermatzeko.
Hauteskunde deialdi berri bat egitea errefusatu du PPko buruzagiak, baina bai PSOEri zein Alderdi Popularrari gaizki etorriko ez litzaiekeela onartu du.
Hiru hilabete eskasetan espainiarrak bosgarren hauteskunde prozesu batera deitzea "arduragabekeria" litzatekeela ohartarazi du Casadok, baina "beharrezkoa izango ez" dela uste du.
Inbestiduran abstenitzeko eskatu die berriro Sanchezek PPko eta Ciudadanoseko buruzagiei, beste Gobernu aukerarik ez dagoelako, Adriana Lastra Kongresuko PSOEren bozeramaileak jakitera eman duenez.
Sanchezek Riverarekin eta Casadorekin arratsaldean izandako bileren berri emateko agerraldia egin du bozeramaile sozialistak. "Herritarrek nahi izan duten gobernua osatzea eragozteko estrategian kokatu dira", deitoratu du Lastrak.