Itxi

Akordioa

PP, Ciudadanos eta Vox batu egin dira Madrilgo eta Murtziako Parlamentuak zuzentzeko

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Popularren idazkari nagusiaren esanetan, "zentro-eskuineko" gehiengoa lortuko dute horrela erakunde horietan, "maiatzaren 26ko hauteskundeetako emaitzak azaleratuz".

Teodoro García Egea PPko idazkari nagusia. Argazkia: EFE

PPko idazkari nagusi Teodoro Garcia Egeak esan du Ciudadanosekin (Cs) eta Voxekin akordio batera iritsi direla Madrilgo eta Murtziako parlamentuak zuzentzeko. Haren esanetan, "zentro-eskuineko" gehiengoa lortuko dute horrela erakunde horietan, "maiatzaren 26ko hauteskundeetako emaitzak azaleratuz".

"Printzipioz, zentro-eskuineko gehiengoa izango dute erakunde horiek, alegia, hauteskunde orokorretako emaitza errespetatuko da", nabarmendu du Garcia Egeak EsRadio irrati katean egin dioten elkarrizketan.

Halaber, Garcia Egeak adierazi du Voxek ordezkaritza izango duela Madrilgo eta Murtziako parlamentuetan. "Beti defendatu izan dugun zerbait da, eta Ciudadanosek ere ulertu du", ziurtatu du Santiago Abascalen sarrerari buruz.

Madrilgo Gobernuaren atarikoa?

Akordio hori Madrilgo Erkidegoko Gobernuaren atarikoa den galdetuta, Garcia Egeak aurreratu du "zentro-eskuinak indarrak batzen dituen plazetan" beharrezkoa dela akordioak erdiestea, dela Parlamentuan, dela Gobernuan.

Garcia Egearen hitzetan, ezkerrak hitzarmenak ituntzeko ohitura du, zentro-eskuineko alderdiei aurre egiteko. "Orain arte PPk ez du horretarako aukerarik izan, baina gauzak aldatu egin dira, eta ezkerrak ez du begi onez ikusi", kritikatu du.

Akordioak

Esan bezala, Garcia Egeak azpimarratu duenez, "aukera duten lurralde guztietan" lortuko dituzte akordioak. "PPk ez du inolako mugarik. Ezkerra erakundeetan egotea saihestu ahal badugu, egin egingo dugu", bukatu du.