Itxi

Diputatuen Kongresua

Sanchezek oraindik ez duela jeltzaleen babesa ohartarazi dio EAJk PSOEri

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Hala ere, sozialistekin negoziatzen jarraitu nahi dute, "presarik gabe eta gaiak sakontasun handiagoz lantzeko".

Your browser doesn’t support HTML5 video

Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramaileak PSOEri helarazi dionez, "momentu honetan" Pedro Sanchez jarduneko presidenteak eta inbestidurako hautagaiak ez du jeltzaleen babesa.

Jose Luis Abalos PSOEko Antolakuntza arduradunarekin bildu ostean, EAJko bozeramaileak esan du ez duela "ideiarik" bere taldeak Sanchezen inbestiduraren alde egingo duen ala ez.

EAJk sei diputatu ditu Kongresuan, eta ezinbestekoa litzateke bere babesa Sanchez Gobernuko presidentea izateko. Jeltzaleek adierazpen batean nabarmendu dutenez, alderdia sozialistekin hitz egiten jarraitzeko prest dago "presarik gabe eta gaiak sakontasun handiagoz lantzeko".

Estebanek azaldu duenez, ordubeteko bilera "lehen kontaktua" izan da, "tenperatura neurtzeko" eta agertoki politikoari buruzko "iritziak trukatzeko".

Asmo "lasai eta eraikitzailearekin" bildu dira Abalos eta Esteban, baina PSOEren agenda nahiko estu dagoenez, ezinezkoa izan da "lehen kontakturik harago joatea".

Edozein kasutan, lan egiten jarraitzea adostu dute biek, "aurrera egiteko aukerak aztertzeko eta elkar ulertzera begira", erakundeen egonkortasuna helburu dutela.

Politika orokorrari buruz hitz egin ostean, zenbait erronkari ekiteko beharra helarazi dio Estebanek Abalosi, hala nola, pentsio sistemaren eta lan merkatuaren erreforma eta lurralde politika.

"Espainiako Estatu barruan arazo serio batzuk daude esparru ekonomikoan edo lan gizarte eta herrialde mailako esparruetan, eta adorez eta erabakimenez  heldu behar zaie guztiei. Eta komenigarria litzateke albait arinen ekitea", esan du Estebanek.

Bideoak (2)