Pedro Sanchezen inbestidura
EAJk esan du ezin daitekeela ziurtzat eman Sanchezen inbestidura babestuko duela
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bestalde, UPNk berretsi egin du Sanchezen inbestiduraren aurka bozkatuko duela, PSNk Nafarroan eta Iruñean gobernatzeari uko egiten ez badio.
PSOEk Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente izendatzeko babesak bilatzen jarraitzen du. Jose Luis Abalos PSOEko Antolakuntza idazkaria, besteak beste, EAJko eta UPNko ordezkariekin bildu da gaur.
Batzarra amaituta, Aitor Esteban diputatu jeltzaleak esan du Alderdi Sozialistak ezin duela ziurtzat eman EAJk Sanchezen inbestiduraren alde bozkatu duela.
Bilera "adeitsua eta eraikitzailea" izan dela esan du, baina "PSOEren agenda estua dela eta", sakon hitz egiteko aukerarik izan ez dutela erantsi du.
Nolanahi ere, aurrerantzean bilera gehiago egingo dute, akordio batera heltzeko asmoz.
Jose Luis Abalos UPNko Carlos Garcia Adanerorekin ere batzartu da. UPNk berretsi egin dio orain arte adierazitakoa: PSNk Nafarroako Gobernua EH Bilduren abstentzioari esker eskuratu gero, Sanchezen inbestiduraren aurka bozkatuko dute.
Navarra Suma koalizioaren mesedetan, PSNk Nafarroan eta Iruñeko Udalean gobernatzeari uko egiten badio soilik ahalbidetuko dute UPNko diputatuek Sanchez Espainiako Gobernuko presidente izatea.
Independentisten babesa dela eta
Bestalde, azken egunotan Jose Luis Abalosek sarritan esan du ez duela alderdi independentisten menpe egon nahi, baina gaur adierazi du ez duela baztertzen talde independentistek Sanchezen inbestidura ahalbidetzea.
PSOEren helburua Sanchez lehenengo itzulian, gehiengo absolutuarekin, presidente izendatzea dela esan du, eta hori ezinezkoa balitz, bigarren itzulian, baiezko gehiago lortuta. Babesak bilatzerakoan independentistak ere kontuan hartzen dituen galdetuta, Abalosek ondokoa erantzun du: "350 diputatuak hartzen ditugu kontuan, denek balio bera dute".
Horrez gain, Abalos baikor agertu da, orain arte egindako bileretan "borondate eraikitzailea" antzeman duelako, "oztopoak jartzeko gogoaren gainetik".
Ildo berean, prozesua luzatzen bada ere, Espainiako Gobernuko presidente izateko alternatiba bakarra Sanchez dela azpimarratu du.