Itxi

Hauteskunde osteko itunak

Bastida eta Guardiako alkatetzak PPri kentzeko negoziatzen ari dira EH Bildu eta EAJ

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Bestalde, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek akordioak egingo dituzte Errenterian, Ordizian, Elorrion eta Durangon. Koalizio soberanistak Arrigorriagan ere gobernatuko du, independenteekin batera.

Your browser doesn’t support HTML5 video

EH Bildu eta EAJ Bastidan eta Guardian (Araba) koalizio gobernuak osatzeko, eta hala PPri alkatetza kentzeko, negoziatzen ari dira, Ibon San Santurnino Arabako EH Bilduko koordinatzaileak gaur jakinarazi duenez. Arabar Errioxako bi herriotan Alderdi Popularra izan zen garaile maiatzaren 26ko udal hauteskundeetan. San Saturninoren arabera, negoziazioak "bide onetik doaz".

Ezker abertzaleko buruzagiak prentsaurrekoa eskaini du gaur udalen osaketan, datorren larunbatean, EH Bilduren Arabako zinegotziek izango duten jarrera azaltzeko.

Nabarmendu duenez, koalizio abertzaleak "PP botere eremu guztietatik kanporatu nahi du", popularren jarduna herritarren interesen kontrakoa dela ulertuta.

Arabako EH Bilduko koordinatzaileak gogorarazi duenez, EH Bilduk antzeko jarrera izan zuen duela lau urte Gasteizen, Gorka Urtaran jeltzalearen alde eginda (EAJ hirugarren alderdi bozkatuena izan zen), eta Javier Marotoren kaltetan (PPk irabazi zituen bozak).

San Saturninoren esanetan, "azken urteotako eskarmentuak erakutsi digu ez dela nahikoa PP agintetik kentzea, beharrezkoa dela legegintzaldi osorako bidaia orria adostea".

Hala, aurreratu du EAJrekin hizketan ari dela bi udalerri horietan koalizio gobernua osatzeko. Nabarmendu duenez, itun horrek "leialtasuna, konfiantza eta errespetua izan behar du lege".

Zigoitiko, Kuartangoko eta Argantzungo kasuak

Ingurumaria horretan, San Saturninok esan du, Bastidan eta Guardian akordioa lortu ostean, ez luketela ulertuko EAJk Zigoitiko alkatetza "kentzea", PSE-EEko zinegotziari esker.

Kuartangon, aldiz, zinegotzi zein boto kopuruan bi alderdiek izandako berdinketa zozketa bidez konpontzea eskatu diote EAJri, eta PPren balizko babesa ez onartzea.

Argantzungo (Trebiñu) egoeraren harira, San Saturninok esan du "ulertezina" izango litzatekeela EAJk PPren babesarekin Alkatetza lortzea, Burgoseko enklabea Araban barneratzearen aurka baitago PP. EH Bilduk 3 zinegotzi lortu zituen, EAJk lortutako adina, eta PPk bat; hala ere, EH Bildu lehen indarra da bertan.

"Larunbatean ikusiko dugu herriaren interesak edo alderdienak gailentzen diren eta alkatetzak nola edo hala lortzeko asmoa duten", esan du.

Bestalde, udalerri batean gertatzen dena ez du beste batean gertatzen dena baldintzatu behar: "ez ditugu kormoak aldatuko; Guardia Zigoitiagatik", azaldu du San Saturninok. Gainera, Gasteizen, larunbateko bozketetan, Miren Larrionen hautagaitza aurkeztuko ote duten oraindik ez dutela erabakia azaldu du.

Akordioa Arrigorriagan

Bestalde, udal osaketei begira koalizio abertzaleak beste lurralde batzuetan darabiltzan negoziazioen harira, Bizkaiko EH Bilduk jakinarazi du Arrigorriagako alkatetza eskuratuko duela, Arrigorriaga Gara talde independentearekin koalizio gobernua osatuta eta NOA zerrendako zinegotziaren abstentzioarekin.

EAJk zuzendutako udal gobernua izan da historikoki 12.000 biztanledun herri horretan. Maiatzaren 26an, aldiz, EH Bilduk irabazi zituen bozak, EAJk beste zinegotzi lortu bazuen ere (seina). Arrigorriaga Garak eta PSE-EEk bina ordezkari eskuratu zituzten, eta NOA zerrendak, beste bat.

EH Bilduk Arrigorriaga Gara taldearekin koalizio gobernua osatuko du —independenteek udaleko bi arloren ardura hartuko dute—, baina bi taldek batuta ez dute gehiengo osorik. EAJk eta PSE-EEk bat eginda ere, ez dute gehiengoa osatzen. Hortaz, NOA taldearen abstentzioa gakoa da, berdinketa kasutan zerrenda bozkatuenak lortzen duelako alkatetza. Hori horrela Maite Ibarra EH Bilduren zerrendaburua izango da aurrerantzean Arrigorriagako alkate.

Itunak Errenterian, Ordizian, Elorrion eta Durangon

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek akordioak egingo dituzte Errenterian, Ordizian, Elorrion eta Durangon, EFE agentziak alderdi horietako iturriak aipatuz zabaldu duenez.

Errenterian, Ordizian eta Elorrion EH Bilduk irabazi zituen udal hauteskundeak. Elkarrekin Podemosekin ituna eginda, hiru udalerri horietan gehiengo absolutua izango du eta, beraz, lehendabiziko bozketan izendatuko dituzte alkateak.

Errenteriaren kasuan, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek aurreko legealdian ere batera gobernatu zuten. Itun berria arratsalde honetan sinatuko dute publikoki.

Durangon, EAJ gailendu zen eta zortzi zinegotzi zituen, baina EH Bilduk (zazpi) eta koalizio moreak (lau) bat eginda, alkatetza eskuratuko dute.

Galdakaon ere antzekoa egin dezakete EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, baina kasu honetan Auzoak hautagaitza independentearen babesa beharko lukete gehiengo absolutua lortu eta EAJ alkatetzatik kentzeko.



Albisteak (3)

Bideoak (1)