Itxi

Bizkaia

Galdakaoko, Durangoko eta Arrigorriagako alkatetzak kendu dizkio EH Bilduk EAJri

EiTB.EUS

Leer en Castellano

Bestalde, sozialistekin hitzartutako akordioari esker, Abadiñoko, Alonsotegiko, Dimako eta Zaldibarko udalak zuzenduko dituzte jeltzaleek.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Bizkaiak dituen 112 udaletatik 73 zuzenduko ditu EAJk datorren legealdian (orain arte 65 Alkatetza zituen). Gainera, 52 udalerritan gehiengo osoa izango du; 2015-2019 legealdian, berriz, 41 udaletan lortu zuen gehiengoa. Horrek esan nahi du maiatzaren 26ko hauteskundeen emaitzetan oinarrituta banatu dituzten 1.236 eserlekuetatik 569 egongo direla jeltzaleen esku.

Udal eta Foru hauteskundeetan 71 hautagaitza eskuratu zituen EAJk Bizkaian. Halere, larunbat honetako inbestidura saioek aldaketak ekarri dituzte udalen osaketan, nahiz eta, orokorrean, ezusteko gutxi egon den.

Horrela, sozialistekin hitzartutako itunari esker, Abadiñoko, Alonsotegiko, Dimako eta Zaldibarko alkatetzak EAJren kargupean geratu dira. Kontrara, Durangon, Galdakaon, Arrigorriagan eta Zaratamon EAJri Alkatetza kendu dio EH Bilduk, hauteskundeetan boto kopuru txikiagoa lortu zuen arren.

Galdakao

EH Bilduk Alkatetza kendu dio Galdakaon EAJ alderdiari, plataforma independenteen babesari esker.

Larunbat honetan egin duten inbestidura saioan, Iñigo Hernando izendatu dute alkate. Hain zuzen ere, EH Bilduko ordezkarien botoak ez ezik, AZK (4 zinegotzi) eta UH (2 zinegotzi) plataforma independenteen babesa ere jaso du Hernandok.

Boto kopuru handiagoa baina, koalizio abertzalearen zinegotzi kopuru berbera lortu zuten jeltzaleek maiatzaren 26ko bozetan.

Bestalde, Elkarrekin Podemosek ere ordezkaritza izango du Udalean; kasu honetan zinegotzi bakarra.

Ibon Uribek (orain arteko alkateak) eman dio aginte makila Iñigo Hernandori. Azken honek hitzeman du galdakaoztarren "ahotsa" izango dela aurrerantzean.

Durango

Ima Garrastatxu EH Bilduko hautagaiak hartu du alkate kargua Durangon, Elkarrekin Podemosen botoez baliatuta. Biek ala biek akordioa erdietsi dute EAJri (indar bozkatuenari) Alkatetza kentzeko.

Aitziber Idigorasen eskutik aginte makila hartu dutenean, Garrastatxuk une "historikoa" dela azpimarratu du, Durangok EAJko alkatea ez duen lehenengo aldia izango delako.

Arrigorriaga

Maite Ibarrak hartu du aginte makila Arrigorriagan, non EH Bilduk Alkatetza lortu duen Arrigorriaga Gararen babesarekin. N.O.A., berriz, abstenitu egin da. Horrenbestez, estreinakoz, oposizioan egongo da EAJ datorren legealdian.

Balmaseda

Hautagaitza independenteak eskuratu zuen boto kopuru handiena maiatzeko hauteskundeetan. Hori horrela, Aitor Larrinaga aipatu plataformako hautagaiak hartu du gaur Balmasedako Alkatetza. EAJk Balmasedako Alkatetza lortzen ez duen lehenengo aldia da, beraz.

Guztira, 13 zinegotzi ditu Bizkaiko aipatu udalerriak, eta Larrinagak horietako zazpiren babesa jaso du, EH Bilduk haren alde egin baitu.

EAJko Alvaro Parrok eta PSE-EEko Isatxu Fernandezek ere beren burua aurkeztu dute inbestidura saioan, arrakastarik gabe, baina.

Balmasedako alkate berriak adierazi du "lau urterako hartu duen makilarekin" Udal "garden" bat osatuko duela, herritarren parte-hartzea indartuz.

Sopela

Zinegotzi independente baten esku geratu da EAJ-PSE eta EH Bildu-Elkarrekin Podemos blokeen arteko berdinketa haustea Sopelan. Azkenik, Denok Batera talde independenteko ordezkaria abstenitu egin da, eta Josu Landaluze Zarandonak (EAJ) hartu du alkate kargua, maiatzaren 26ko hauteskundeetan boto kopuru handiena lortu zuelako (botoien % 37,6).

Zaratamo

Alberto Ugarriza EH Bilduko hautagaiak eskuratu du Zaratamoko Alkatetza, maiatzaren 26ko bozetan hirugarren indar bozkatuena izan bazen ere. Esan bezala, Gure Herria plataformarekin koalizioa osatuta zuzenduko du Udala Ugarrizak.

EAJ izan zen hauteskundeetako alderdi bozkatuena. Halere, EH Bilduren eta Gure Herriaren arteko koalizioak ez dio gobernatzen utziko.

Alonsotegi

EAJk Alkatetzari eutsi dio Alonsotegin, PSE-EEko zinegotzi bakarrak jeltzaleen alde bozkatu ostean.

Getxo

Amaia Agirre EAJko hautagaia aukeratu dute Getxoko alkate. 11 zinegotziren babesa jaso du (alderdikideak, guztiak), eta PSE-EEk zuri bozkatu du.

Bermeo

EAJko hautagai Aritz Abaroa izendatu dute alkate Bermeon, jeltzaleen 9 botoei esker. Horrek esan nahi du EAJk gehiengo osoa izango duela Bizkaiko kostaldeko aipatu udalerrian.

Albisteak (1)

Bideoak (2)

Informazio gehiago (1)