Itxi

NAFARROAKO PARLAMENTUA

Akordiorik ez oraingoz Mahaia osatzeko, baina negoziatzen jarraituko dute

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Nafarroako Parlamentua osatzeko bilkura hasi aurretik, PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra berriro elkartuko dira Mahaiaren osaketa adosten saiatzeko.

Maria Chivite eta Uxue Barkos, hizketan, Parlamentuan. ETBren bideo batetik ateratako irudia

Iruñean, akordiorik gabe amaitu da Nafarroako Parlamentuko Mahaiaren osaketa adosteko bart PSNk, Geroa Baik, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak egindako bilera. Dena den, azken unera arte negoziatzen jarraituko dute, eta 11:00etan Nafarroako Parlamentua osatzeko bilkura hasi aurretik berriro batzartuko dira.

PSN prest omen dago Geroa Bairi Mahaiko Presidentetza uzteko, baina ez du EH Bilduk Mahaian ordezkaritza izaterik nahi. Hain zuzen ere, hori da akordioa lortzeko oztopo nagusia. Izan ere, Geroa Bairentzat ezinbesteko baldintza da.

Gauerdian, ia bost ordu iraun duen batzarraren ostean, baikor mintzatu da Ramon Alzorriz PSNko Antolakuntza idazkaria. Haren esanetan, negoziazio zailak izaten ari dira, baina akordioa lortzeko aukerarik badela uste du. EH Bildu Mahaian izango den galdetuta, ez du ezer aurreratu nahi izan.

Geroa Bairen izenean, Unai Hualdek zuhurrago hitz egin du. Mahaian egonkortasuna bermatuko duten alderdi guztiek egon behar dutela nabarmendu du. Hori gertatu ezean, egonkortasuna Navarra Sumaren eskuetan egongo da, gaineratu du.

Lau alderdiek azken unera arte jarraituko dute negoziatzen, akordioa lortzen saiatzeko. Mahaiaren osaketak Nafarroako Gobernuaren nondik norakoak argi ditzake.

Albisteak (1)

Bideoak (1)