Makroepaiketa
Euskal Herriko 150 pertsona ezagunek 11/13 auziaren epaiketa gelditzea eskatu dute
EITB.EUS
Makroepaiketa salatzeko adierazpena aurkeztu dute eta irailaren 14ko manifestazioan parte hartzeko deia egin dute.
Datorren irailetik aurrera, euskal presoen eskubideen defentsan aritu diren 47 lagun epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean, 11/13 auziaren baitan. Fiskaltzak, orotara, 601 urteko kartzela-zigorra eskatzen du auzipetuentzat.
Gaur, Euskal Herriko 150 pertsona ezagunek 'Irtenbidera: Etorkizuna askatu' agiria aurkeztu dute Bilbon, auzipetuei babesa adierazteko, epaiketa gelditzeko eta irailaren 14n Bizkaiko hiriburuan egingo den manifestazioan parte hartzeko eskatzeko.
Agiria Jon Maia bertsolariak idatzi du eta dagoeneko 150 lagunen babesa jaso du, tartean dira Juan Jose Ibarretxe eta Carlos Garaikoetxea lehendakariak; Bernardo Atxaga eta Toti Martinez de Lezea idazleak; Paco Letamendia 'Ortzi' irakaslea; Alex Txikon alpinista; Mikel San Jose Athleticeko jokalaria; edo Fermin Muguruza eta Eñaut Elorrieta musikariak.
"Euskal jendarteak aurrera egin nahi du, eta, etorkizunari behar bezala ekiteko, iraganeko zauriak ixtea eta korapiloak askatzea ezinbestekoa da", dio testuak.
Epaiketa irailaren 16an abiatuko da Auzitegi Nazionalean, eta azarora arte luzatuko dela espero da. 47 auzipetuen artean, euskal presoen defentsan aritu diren hainbat abokatu daude: Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Alfonso Zenon, Kepa Mancisidor, Eukene Jauregi, Ainhoa Baglietto, Arantxa Aparicio, Onintza Ostolaza, Aiert Larrarte, Ane Ituño, Haizea Ziluaga, Amaia Izko, Jaione Carrera eta Atxarte Salvador.
Gainerako auzipetuak Herrira, Etxerat eta Jaiki Haidi elkarteetako kideak dira.