Dimisioa
Urizarrek bukatutzat eman du bere ibilbide politikoa, 'baina ez EArena'
EiTB.EUS
EH Bilduk abiatuko duen "garapen fase berrian" beste pertsona batzuei eman nahi izan die bidea Urizarrek bere ekarpena ez zela nahikoa izango iritzita.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Pello Urizarrek, orain arte EAko idazkari nagusi zenak, "arrazoi pertsonalengatik" eman du dimisioa. Modu horretan, EH Bilduk abiatuko duen "garapen" fase berrian beste pertsona batzuei emango die bidea.
Urizarrek astelehen arratsaldean aurkeztu zuen dimisioa Eusko Alkartasunaren Kontseilu Nazionalaren aurrean. Gainera, EH Bildu koalizioarekin Legebiltzarrean duen eserlekua ere utziko duela iragarri zuen atzokoan.
Horren harira, prentsaurrekoa eman du astearte honetan, Donostian. Bertan, Urizarrek azaldu du "politikan maisu izan diren pertsonak" egon direla EAn, eta horiek zehaztutako bideari jarraitu diola azken hamar urteotan. "Orain lekukoa emateko ordua da", ziurtatu du.
Egindako lanarekin "pozik", gogora ekarri du EH Bildu egonkortutako errealitate bat dela, hots, ez dela behin-behineko proiektu bat, eta horrenbestez, etapa berri bati ekiteko ordua iritsi zaiola. Ildo horretan, Urizarren iritzian, bigarren fase horretan beste pertsona batzuk egon behar dira, "nire ekarpena ez zelako nahikoa izango".
Horrela, irailetik aurrera politikari izan aurretik izandako lanpostura itzuliko da.
"2011n jaiotako egitasmo politikoak hastapeneko fasea igaro du zortzi urte hauetan, eta behin lekua hartuta, hurrengo etapara igaro beharra dauka. Ez naiz edozertarako baliagarri, hau da, lehenengo fasean egon banaiz, hobe da orain beste batzuek hartzea lekukoa", azaldu du Urizarrek. "Belaunaldi berriak heldu behar dira", azpimarratu du.
Alabaina, irmoki ukatu du dimisioak, EH Bilduren sendotze prozesuan hartu beharreko paperaren harira, EA alderdian izandako desadostasunekin zerikusirik duenik. "Inoiz ez nuke pentsatuko karguan 10 urte emango nituenik", gaineratu du.