Bilera Moncloan
Iglesiasek Sanchezen inbestiduraren aurka egitea ez du baztertu
Agentziak | Erredakzioa
Podemosen hitzetan, "PSOEk ez du erabaki inbestidura aurrera ateratzeko ezkerrarekin edo eskuinarekin akordioa nahi duen".
Iturri sozialisten arabera, Pedro Sanchezen inbestiduraren aurka egitea baztertzen ez duela esan dio Pablo Iglesias Podemoseko buruzagiak Espainiako jarduneko gobernuburuari. Hala ere, Sanchezek inbestidura saioa uztailean deitzeko asmoa du, nahiz eta babesak aldez aurretik ez itxi.
PSOEri 123 eserleku eta Unidas Podemosi 42 ordezkari eman zizkieten hauteskunde orokorrak egin eta ia bi hilabete geroago, bi buruzagiek Moncloan ordubeteko bilera egin dute. Elkarrizketa desadostasunarekin amaitu da. Nahiz eta biek ezkerreko gobernu bat nahi, Pablo Iglesiasek ez dio koalizioari uko egiten, eta Pedro Sanchezek ez du alderdi moreko ministrorik nahi bere exekutiboan.
Aurreko bi hiru bileretan lankidetza eta adostasunerako borondatea desadostasunen gainetik jarri baziren ere, oraingoan bi buruzagiak akordiotik oso urrun daudela argi utzi dute bi alderdiek.
Lehenago akordio bat itxi ezean, ezezko botoa ematearekin mehatxu egin dio Pablo Iglesiasek gobernuburuari. Horrek bigarren inbestidura saio bat deitzera behartuko luke, eta konponbiderik ez balego hauteskundeak errepikatzera ere. Era berean, PP eta Ciudadanos baiezko botoa ematearen aurka agertu dira orain arte.
"PSOEk ez du erabaki inbestidura aurrera ateratzeko ezkerrarekin edo eskuinarekin akordioa nahi duen", egiaztatu du Podemosek arratsaldeko bileran. Horregatik, jarduneko gobernuburuari erabakitzeko eskatu dio koalizio moreak.
PSOEk jakitera eman duenez, hiru esparrutan "lankidetza Gobernua" proposatu dio Pedro Sanchezek Iglesiasi: programatikoa, parlamentarioa eta instituzionala.