Katalunia
Auzipetutako buruzagi independentistak Kataluniako espetxeetara eraman dituzte
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Lledonersko kartzelaren sarreran hainbat pertsona bildu dira eguerdian, preso dauden politikarien askatasuna aldarrikatzeko, eta horiei babesa emateko.
Auzitegi Gorenak epaitu dituen Kataluniako zazpi buruzagi independentistak Lledonersko (Bartzelona) kartzelara iritsi dira 15:06an, Briansko espetxetik irten eta ordubetera.
Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohia, berriz, Mas d'Enric kartzelara (Tarragona) eraman dute 15:25ean, eta Dolors Bassa kontseilari ohia 15:46an heldu da Puid de les Bassesera (Girona).
Lledonersko kartzelaren sarreran hainbat pertsona bildu dira eguerdian, preso dauden politikarien askatasuna aldarrikatzeko eta horiei babesa emateko.
"Preso politikoak, aske" leloari eutsita, manifestarien oihuak entzun dira han, eta hainbat pankarta ere erakutsi dituzte espetxearen atarian bildutakoek. Horietako batean bederatzi buruzagi independentisten argazkiak ikus zitezkeen. Esquadra Mossoak, baina, kartzelan bildutako pertsonengandik aldendu gabe egon dira protestak iraun duen bitartean.
Preso guztiak bi furgonetatan heldu dira bertara, Poliziaren zaintzapean. Iritsieran, Jordi Turullek eta Joaquim Fornek bertan bildutako pertsonak agurtu dituzte, Europa Press albiste agentziak ikusi ahal izan duenez.
Horrenbestez, Madrilgo Soto del Real utzita eta Valdemoroko eta Zuerako espetxeetan gau bana igaro ostean, Oriol Junqueras, Raul Romeva, Josep Rull, Jordi Turull, Joaquim Forn, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart Katalunian daude dagoeneko.
Aurreikusitakoaren arabera, 17:00etan Quim Torra Generalitateko presidentearen eta Meritxell Budo Presidentetzako kontseilariaren bisita jasoko dute. Jarraian, agerraldia egingo dute biek ala biek, komunikabideen aurrean.