Itxi

Gipuzkoako Batzar Nagusiak

Kalitatezko enplegua eta lehiakortasuna hartu ditu 'zeregin nagusi' Olanok

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Gipuzkoako ahaldun nagusia izateko hautagai jeltzaleak gehiengo osoa lortuko du Batzar Nagusietan egiten ari diren inbestidura saioan, EAJ eta PSE-EEren babesari esker.

Markel Olano. Argazkia: EFE

Ostiral honetan ari dira egiten Gipuzkoako ahaldun nagusia izendatzeko inbestidura saioa, Batzar Nagusietan. Bien bitartean, EAJ eta PSE-EE alderdiak Gobernu akordioa ixtear daude Gipuzkoan.

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia izateko EAJren hautagaiak kalitatezko enplegua, etorkizuneko lehiakortasun ekonomikoa eta babes sistema justua hartu ditu bere hirugarren legealdiaren "zeregin nagusitzat".

Aurreikusten denez, Olanok Gipuzkoako Batzar Nagusien gehiengo osoaren babesa lortuko du, EAJren eta PSE-EEren botoei esker.

Gipuzkoa egoera "onean" dagoela esan du Olanok, eta "agenda berri bat" eta "politika egiteko forma berriak" iragarri ditu.

"Legealdi emankorra itxi eta indartsu gatozelako berriro, ideia eta proiektu berri askorekin", esan du inbestidura saioan.

Azken legealdian, hautagaiak esan duenez, "emandako hitza ondo bete dugu". "Duela lau urte anbizio handiko helburua ezarri genuen: lurralde sendoa izatea, ekonomikoki aurreratua eta sozialki kohesionatua", azaldu du.

Enpresen "ondoan" egongo dela ziurtatu du Olanok, "ezegonkortasun politikoa, gerra komertziala eta desazelerazio mehatxuaren aurrean". Horregatik, ekonomia aktibitatea berria hauspotzeko eta enpleguaren kalitatea hobetzeko lan egingo dute.

Aldi berean, "politika fiskal justu, bidezko eta progresibo" baten alde egin du hautagai jeltzaleak.

Gizarte politikoei buruz ere hitz egin du Olanok, "elkarbizitza kohesionatua" sustatu eta "inor ongizatetik kanpo" gera ez dadin. Gizartearen zahartzari aurre egiteko, adinekoen arretarako lau egoitza berriren eraikuntza iragarri du, eta 500 plaza berri zabalduko direla aurreikusi du.

Izagirre "jendarte justuagoa" eskatu du

EH Bilduk Juan Karlos Izagirre aurkeztu du ahaldun nagusia izateko hautagai bezala. Bere gobernu programaren oinarrietan, hautagai abertzalea "jendarte justuago bat eraikitzearen" alde agertu da.

Izagirrerentzat, horretarako, "sortzen den aberastasuna ondo banatzea, pertsonen duintasuna ziurtatuko duten zerbitzu publikoak izatea, lan baldintzak eta pentsio duinak bermatzea, sektore ekonomikoen arteko oreka lantzea eta pertsona guztien eskubide guztiak bermatzea" ezinbesteko eginkizunak dira.

Juan Karlos Izagirre. Argazkia: EFE

Ahaldun nagusiaren izendatzea

Hitzaldien ostean, atsedenaldia hartu dute, eta laster iritsiko dira batzarkideen agerraldiak. Maiatzaren 26ko hauteskundeetan ordezkaritza txikiena lortu zuen alderdia izango da hitz egiten lehena. Azkenik, bi aldeek galderei erantzuteko hartutako denbora bukatuta, goizeko saioa eten eta arratsaldekoa noiz hasiko den jakinaraziko du Mahaiak.

Orduan helduko da, hain zuzen, bozkatzeko txanda. Behin botoak emanda, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusi izendatuko dute.

eitb.eus-en zuzenean ikus dezakezue inbestidura saioa.

Albisteak (3)

Informazio gehiago (1)