Itxi

Batzar Nagusiak

Olano Gipuzkoako ahaldun nagusi izendatu dute berriro, EAJren eta PSEren babesarekin

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Inbestidura saioa ostiral honetan egin dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Olano berriz izendatu dute, jeltzaleen eta sozialisten aldeko botoekin.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusi berriro izendatu dute. Inbestidura saioa ostiral honetan egin dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Olano berriz izendatu dute, EAJren eta PSE-EEren babesarekin. Bi alderdiek Gobernu akordioa aurkeztu zuten iragan asteazkenean.

Juan Karlos Izagirrek (EH Bildu) ere bere hautagaitza aurkeztu du saioan.

Hitzaldian lurralde historikoaren ekonomia, enplegua eta gizarte politikak bultzatzearen aldeko apustua egin du Olanok, eta legealdi honetan 10.000 lanpostu berri sortuko direla agindu du. Era berean, 'Etorkizuna Eraikiz' programaren bidez proiektu "estrategikoetara" urtero 20 milioi euro bideratuko dituztela esan du. Foru programa iragan legealdian jarri zuten martxan.

Izagirreren ahotan, EAJk eta PSE-EEk foru gobernu "kontinuista" eskaintzen dute, bitartean EH Bilduk "guztiontzako" Gipuzkoa eraikitzeko "eredu alternatiboa" ordezkatzen du.

Legealdi berri honetan, "Rubikona behin betiko gainditzeko aukera ezin hobea duzue", esan dio Denis Itxaso Gipuzkoako jarduneko Kultura, Gazteria eta Kirol diputatuak EH Bilduri, "garai berri bati" bide emateko. "Gipuzkoar askori bidegabe egindako kaltea onartu behar du ezker abertzaleak, politika konstruktiboari eta proposatzaileari bide emateko", azpimarratu du Itxasok.

Gainera, EAJ-PSE koalizioa "ezberdinen arteko elkarbizitza" eraikitzeko "tresna bat da", defendatu du Itxasok. "Topikoak eta fronteak gainditzea da, eta beharrezko zubien eraikuntzarako eredu", nabarmendu du.

EH Bilduren jarrera "katastrofista" kritikatu du Maria Eugenia Agirrezabalaga EAJko batzarkideak, "dogmatismoaren emaitza delako". Jeltzalearen hitzetan, Gipuzkoak zerga sistema "aurrerakoi eta progresiboa" du.

EAJk eta PSE-EEk ekonomikoki "onbideraturik" zegoen Aldundi bat hartu zuten iragan legealdian, Estitxu Elduaien EH Bilduko batzarkideak ziurtatu duenez, koalizio abertzalearen lanari "esker". Jeltzaleen eta sozialisten "autokonplazentziaren" aurrean EH Bilduk "alternatiba" eskaintzen duela gogorarazi du Elduaienek.

Bestalde, enpresen gaineko presio fiskala areagotzea eskatu du Maria Valiente Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak. Horretarako, "adostasunetik" zerga erreforma bat egitea proposatu du, "aberastasuna hobeto banatzeko". Gainera, Aldundiko egitura berrian "berdintasuna organo soila bihurtu dute, gainerako gaietan zuzendaritzak ezarriz", kritikatu du.

Azkenik, Juan Carlos Cano PPko bozeramailearen esanetan, "gure lurralde autogobernuaren arerio/ aurkariak ez daude Madrilen", "euskal zentralismoan eta Bilbon boterea kontzentratzeko estrategian" baizik.

Albisteak (2)

Bideoak (1)