Itxi

Katalunia

EBko Auzitegiak ez ditu onartu Puigdemont eta Comin eurodiputatu aitortzeko eskariak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Europako Parlamentuan astearte honetan eurodiputatu kargua hartu ahal izateko saioan parte hartu ahal izateko hainbat neurri ezartzea eskatu zuten Kataluniako agintari kargugabetuek.

Carles Puigdemont. Artxiboko argazkia: EFE

Europar Batasuneko Auzitegi Orokorrak baztertu egin ditu Carles Puigdemontek eta Toni Cominek eurodiputatu direla aitortzeko egindako eskariak eta, ondorioz, Kataluniako agintari kargugabetuak ezingo dira astearte honetan Europako Parlamentuan egingo duten kargu-hartze ekitaldira joan.

Nolanahi ere, Europar Batasuneko Justizia Auzitegian helegitea jartzeko aukera izango dute Puigdemontek eta Cominek, eta hala egingo dute, Gonzalo Boye abokatuak sare sozialetan argitaratutako mezu baten bidez baieztatu duenez.

Gaurko autoa Puigdemont eta Comin eurodiputatu gisa ez aitortzeko arrazoiari buruzko da; auziaren muinari buruzko epaia aurrerago emango du Auzitegiak.

Konstituzioaren zina Espainiako Hauteskunde Batzordearen aurrean, bertatik bertara, egin ez zutelako ukatu zieten eurodiputatu-akta Puigdemonti eta Comini.

Joan den astean, Antonio Tajani Europako Parlamentuko presidentearengana jo zuten JxCATeko bi eurodiputatuek, kargua hartzeko akta eman ez zietela salatzeko.

Tajanik erantzun zien berak ezin dituela eurodiputatutzat hartu, Europako Ganberara Espainiako agintariek igorritako zerrendan haien izenak ageri ez direlako.

Horrela, bada, ostiralean errekurtsoa aurkeztu zuten EBko Auzitegi Orokorrean eta, arazoaren muina argitu bitartean, behin-behineko hainbat neurri hartzea eskatu zuten Puigdemontek eta Cominek, astearte honetan Europako Parlamentura joan eta euren karguak hartu ahal izateko. Gaur, baina, atzera bota dituzte eskaera horiek.

 

 


Albisteak (2)