Itxi

Espainiako Gobernua

Pedro Sanchezen inbestidura saioa uztailaren 22an eta 23an izango da

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Hala iragarri du Meritxell Batet Kongresuko presidenteak hautagai sozialistarekin telefonoz hitz egin eta gero.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Meritxell Batet Kongresuko presidenteak iragarri duenez, Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidente eta hautagai sozialistaren inbestidura saioa uztailaren 22an eta 23an izango da. Batetek telefonoz hitz egin du Sanchezekin, eta ondoren, dataren berri eman du.

Bateten eta Sanchezen arteko aurrez aurreko bilera zegoen iragarrita gaurko, baina jarduneko presidentea kanpoan denez, telefonoz izan dute hartu-emana. Europar Batasuneko kargu garrantzitsuenak adosteko goi-bilera dago Bruselan, eta akordio faltaren eraginez, bertan jarraitu behar izan du Sanchezek.

Inbestidura saioa uztailaren 22an, astelehena, hasiko da, 12:00etan, Pedro Sanchez presidentegaiaren hitzaldiarekin.

Arratsaldeko saioa, ostera, 16:00etan hasiko da talde parlamentarioen esku-hartzearekin. Lehenengo bozketa hurrengo egunean, uztailaren 23an (asteartea) egingo da.

Lehen bozketan gehiengo absoluturik lortuko ez balu, bigarren bozketa 48 ordura egingo litzateke, hots, hilaren 25ean. Bigarren bozketan, gehiengo soila nahikoa izango luke.

Gaur gaurkoz, Pedro Sanchezek ez du Espainiako Gobernuko presidente izendatzeko adina babesik. Oraingoz bermatuta duen babes bakarra Kantabriako Alderdi Erregionalistako (PRC) diputatuarena da. Aurreikuspenen arabera, Pedro Sanchezek eta PSOEk bilera erronda bat abiatuko dute datozen egunetan Diputatuen Kongresuan ordezkaritza duten alderdiekin.

Inbestidurak porrot egingo balu, hauteskunde orokorrak azaroaren 10ean egingo lirateke.

Albisteak (4)

Bideoak (1)