KATALUNIA
Erreferendumari buruzko 'itun argia' egitea proposatu dio Torrentek Sanchezi
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kataluniako Parlamentuko presidenteak gatazkari amaiera emango dion akordio baterako deia egin dio jarduneko Espainiako presidenteari. Akordio horrek noiz eta nola egin zehaztuko luke.
Kataluniako gatazkari konponbidea jarriko dion erreferendum bat egiteko baldintzak "argi eta garbi" zehaztuko dituen itun bat adosteko proposamena egin dio Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteari. Haren esanetan, blokeoak jarraituko balu, "etsipena barik etengabeko mobilizazioa" izango da erantzuna.
Gainera, gatazkari irtenbidea aurkitzeko ezer ez egitea aurpegiratu dio Torrentek Sanchezi.
Torrenten hitzetan, Kataluniako aldarrikapenen aurrean Estatuak "blokeoarekin, jazarpen judizialarekin eta gutxiespenarekin" erantzuten jarraitzen badu, Kataluniako herriaren erantzuna mobilizazioa izango da, "gaur ezinezkoa dirudiena saihetsezina izan dadin".
Forumek Madrilen antolatutako gosarian, Pedro Sanchezen inbestidura ere izan du hizpide. ERCren jarrerari buruz galdetuta, ondorengoa esan du: "Ez dugu ez txeke zuririk emango ez marra gorririk jarriko". Ildo horretan, negoziaziorako deia egin du, eta PSOEren eta Pedro Sanchezen jarrera elkarrizketarena edo 155. artikuluarena den galdetu du.