Itxi

Gobernu osaketa

Espainiako Gobernua osatzeko 'lanean' hasteko eskatu die Urkulluk alderdiei

Agentziak | erredakzioa

Leer en Castellano

Lehendakariaren ustez, 'beharrezkoa da une honetan programak eta egitasmoak adosten esertzea, eta ez dut uste horretan ezer egin denik orain arte; hori da tamalgarriena'.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Espainiako Gobernua osatzeko bidean, "hitzetatik ekintzetara pasatzeko" eta egitasmoak adosten saiatzeko "lanean" hasteko deia egin die Iñigo Urkullu lehendakariak alderdi politikoei. Lehendakariaren ustez, "gehiengoa ez duen alderdia baina erantzukizun nagusia izan dezakeen hori —PSOE— behartuta dago Estatuak eta herritarrek dituzten lehentasunak adostera", baina, "tamalez", orain arte halakorik ez da egin.

Bilboko Ituarteta eta Pagasarribide ikastetxeetako lanetan izan da gaur Urkullu, eta bertan Espainiako Gobernuaren osaketaz galdetu diote. Argitu duenez, berari ez dagokio alderdien inguruko adierazpenik egitea. "Nire rola beste bat da", azaldu du.

Urkulluren esanetan, "apirilaren 28tik igaro dira hainbat egun, hainbat aste, baita hilabeteak ere", eta ez da emaitzarik izan. "Uste dut ez dela batere lagungarria politikaren zentzurako dinamika horretan jarraitzea", gaineratu du.

Lehendakariak nabarmendu duenez, "inork honetatik etekina atera nahi badu, oker ari da". "Oker dago gauzen politika baino politikaren gauzak nagusi izan behar direla uste duena", esan du.

Hori dela eta, "hitzetatik ekintzetara pasatu behar da", esan du: "Egitasmoak eta programak adosten eseri eta Estatuak dituen lehentasunak zehaztu eta lehentasun horiei erantzuna eman".

Ingurumari horretan, PSOE hartu du hizpide. Izan ere, "gehiengoa ez duen alderdia, baina erantzukizun nagusia izan dezakeen hori behartuta" dago negoziatzera. "Ez dut uste horretan ezer egin denik orain arte; hori da tamalgarriena", deitoratu du.

Albisteak (3)

Bideoak (1)