Nafarroa
Gobernua osatzeko akordioa adostu dute PSNk, Geroa Baik, Ahal Duguk eta I-Ek
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Maria Chivite Nafarroako Presidentetzarako hautagaiak "gainerako alderdi politikoen jarrera" eskertu du, "elkarrizketarako eta akordioak lortzeko erakutsi duten borondateagatik".
Your browser doesn’t support HTML5 video
PSN, Geroa Bai, Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra alderdietako ordezkariek gobernu-programari buruzko akordioa adostu dute ostiral honetan, eta, hiru orduz bilduta egon ostean, "gehiengo aurrerakoi bat" oinarri duen 70 orrialdeko hitzarmena sinatu dute. Hala, Maria Chiviteren inbestidura ahalbidetzea adostu dute.
Alderdi bakoitzeko zuzendaritzek akordiorako oinarria berretsi behar dute. Ondoren, gobernu egitura eta osaketa adostu beharko dituzte, baina, ziurrenik, Sanferminen ondoren jarraituko dituzte negoziazioak, hau da, uztailaren 14tik aurrera.
Alabaina, akordio programatikoa berretsita ere, lau alderdiek ez lukete gehiengo osoa lortuko inbestidura saioan (PSNk 11 ordezkari ditu, Geroa Baik 9, Nafarroako Ahal Duguk 2 eta Izquierda-Ezkerrak 1). Gauzak horrela, EH Bilduren abstentzioa (7 ordezkari) ezinbestekoa da Nafarroa Suma koalizioak agintea lortu ez dezan (UPN, PP eta Ciudadanos, 20 ordezkarirekin), eta Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidente izendatzeko.
Dena dela, EH Bildu akordio programatikoa lortzeko negoziazioetatik kanpo utzi du PSNk. Akordiorako oinarria itxita, alderdiek sanferminen ostean hitz egingo dute gobernuaren osaeraz.
Bilera amaituta, lau alderdietako ordezkariek akordioaren berri eman dute, elkarrekin egin duten agerraldian. Bertan izan dira Maria Chivite PSNko idazkari nagusi eta Nafarroako Presidentetzarako hautagaia, Uxue Barkos jarduneko exekutiboaren buru eta Geroa Baiko zerrendaburua, Eduardo Santos Nafarroako Ahal Duguko idazkari nagusia eta Marisa de Simon Ezkerreko bozeramailea, hain zuzen ere.
Buruzagi sozialistak "gainerako alderdi politikoen jarrera" eskertu du, "elkarrizketarako eta akordioak lortzeko erakutsi duten borondateagatik". Ildo horretatik, Nafarroarentzat "oso akordio positiboa" dela nabarmendu du.
Chivitek adierazi duenez, "anbizio handiko programa bat da, aurrerakoia, herritarrak oinarri izanda aurrerapen sozialak ardatz dituena, eta gure erkidegoak dituen erronka ekonomikoei erantzuna eman nahi diena, elkarbizitzan arreta berezia jarriz".
"Alderdi politiko ezberdinen arteko adostasunetik abiatuta, Nafarroan, herritarren beharrei erantzuna emateko gai garela erakusten du akordio programatiko honek", nabarmendu du Uxue Barkos Geroa Baiko zerrendaburuak.
Ildo horretatik, bere alderdia gobernu berriaren parte izateko asmoa duela azaldu du Barkosek, baina alderdi abertzaleak Chiviteren inbestidura errazteko orduan, Geroa Baik ez duela PSNren eta EH Bilduren artean bitartekaritza lanik egingo ziurtatu du.
Eduardo Santos Nafarroako Ahal Duguko idazkari nagusiak, berriz, akordioa adostu duten alderdiekin "hitz egiten jarraitzea" espero du, "oinarri programatiko gisa adostu dugun hitzarmen horretan denok eroso egoteko, batez ere herritarrak oinarri izanda".
Azkenik, Marisa de Simon Izquierda-Ezkerreko bozeramailearen esanetan, gaur adostutako akordioa "eskuineko programaren alternatiba da, jendearen bizitza hobetzeko politikak garatzeko gutxieneko akordio bat", adierazi du.
Bere babesa 'ezinbestekoa' dela ziurtatu du EH Bilduk
Bestalde, EH Bilduk gogorarazi du Nafarroan gobernua osatzeko akordio programatikoa adostu duten alderdiek ez dutela gehiengo osoa, eta, ondorioz, "egonkortasuna lortzeko EH Bildu ezinbestekoa dela".
"Bere burua progresistatzat duen gobernu hipotetiko batek ezin du bere eginkizuna gizartearen zati baten bazterketa politikoan oinarritu, bizikidetzarako eredu demokratiko batean baizik", adierazi du koalizio abertzaleak ohar batean, eta, horrekin, sozialistek ez dutela EH Bildurekin negoziatzeko asmorik gogora ekarri du.
Halaber, “azken urteetan Nafarroako herritarrek lortu dituzten aurrerapen sozial eta demokratikoak” bultzatzen jarraituko duela gaineratu du EH Bilduk, “baita bizikidetzaren alorrean ere ".
Bilerak
Atzo lau orduz egon ziren bilduta, eta azken egunetan zazpi mahai sektorialetan negoziatutako programak adostutzat eman zituzten. Akordioak ondoko arloetan itxi zituzten: Hezkuntza, Kultura eta Kirola; Berdintasuna, Gizartea eta Gazteria; Osasuna; Hizkuntza Politika; Enplegua, Ekonomia eta Fiskalitatea; Onbideratzea, Oroimen Demokratikoa eta Funtzio Publikoa; Tokiko Administrazioa, Ingurumena, Jasangarritasuna eta Energia Berdea.
Batzarra amaitutakoan, lau alderdietako ordezkariak pozik eta baikor agertu ziren, eta ziurtzat eman dute programari buruzko aurreakordioa ostiral honetan sinatuko dutela.
Ramon Alzorriz PSNko Antolakuntza idazkariak zehaztu zuenez, baina, autogobernuari buruzko mahai sektorialean itunik ez dute egin, eta legegintzaldi berrirako funtzionamendu arauak adostea falta zaie. Bi kontu horiek gaurko bileran aztertuko dituzte.
Nolanahi ere, Maria Chivitek zuzenduko duen Gobernu "progresista, anitza eta feminista" osatzeko "urrats oso garrantzitsua" eman dutela azpimarratu zuen Alzorrizek. "Akordioa bihar itxiko dugula uste dugu", erantsi zuen.
Koldo Martinez Geroa Baiko bozeramailea ere ildo beretik aritu zen. "Guretzako aurreakordio definitiboa da, eta Nafarroan Gobernu progresista, anitza eta egonkorra osatzeko oinarriak ezartzen ditu".
"Bihar (gaurko egunarengatik) aurreakordio hori Geroa Baiko organoetara eramango dugula esatea gustatuko litzaidake", gaineratu zuen.
Mikel Buil Ahal Duguko ordezkariaren esanetan, egunotan "lan handia" egin dute, eta ezberdintasun politikoak "modu adeitsuan" gainditu ahal izan dituzte.
Maria de Simon Izquierda-Ezkerrako bozeramailearen esanetan ere, litekeena da legealdi berrirako programaren aurreakordioa ostiral honetan sinatzea.