Makroepaiketa
11/13 sumarioko 47 auzipetuek Europan salatuko dute kasua
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Datozen asteetan Europar Batasuneko erakundeetara joateko asmoa dutela iragarri dute. Fiskaltzak 601 urteko espetxe-zigorrak eskatu ditu 47 auzipetuentzat.
Euskal presoen eskubideen defentsan lan egiteagatik 11/13 sumarioan auzipetutako 47 lagunek jakinarazi dute datozen asteetan Europar Batasuneko erakundeetara joango direla euren kontrako auzia azaltzera.
Ibon Meñika eta Beñat Zarrabeitia auzipetuek agerraldia egin dute Bilbon, orain arte zertan aritu diren eta aurrerantzean egingo dutenaren berri emateko.
Azken asteotan hainbat alderdi politiko eta sindikaturekin harremanetan jarri direla azaldu dute. “Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiei biltzeko gonbita bidali diegu eta espetxe-politika aldatzearen alde agertu diren eragileekin batzartu gara. Uste dugu euskal gizartearen gehiengoa ordezkatzen dutela”, adierazi dute.
Euskal Herrian ez ezik, Kataluniara eta Europara jotzeko asmoa daukatela esan dute. Ildo horretan, datozen asteetan auzia Europar Batasuneko erakundeetan azalduko dutela azpimarratu dute. Oraingoz, baina, ez dute datu gehiagorik eman.
“Euskal Herrian behin betiko bakea eta bizikidetza integrala eraikitzen lagundu nahi dugu. Etorkizuna izan dugun iragana baino hobea izan dadin beharrezkoak diren urratsak emateko prest gaude”, nabarmendu dute.
Bestalde, auzipetuen aldeko manifestuak sektore eta pentsamolde ezberdinetako 8.200 lagunen atxikimendua jaso duela jakinarazi dute.
Horrez gain, epaiketak 350.000 euro inguruko kostu ekonomikoa eragingo diela ohartarazita, diru-laguntzak biltzeko kontu korronte bat ireki dutela adierazi dute.
Epaiketa irailaren 16an hasiko da Auzitegi Nazionalean. Aurrez, irailaren 14an manifestazioa deitu dute Bilbon eta jendetsua izango denaren itxaropena agertu dute.
Halaber, irailaren 6an, 7an eta 8an mobilizazio gehiago egingo dituztela gogora ekarri dute.