Presoak
Aske uzteko eskatu dio Josu Urrutikoetxeak Frantziako justiziari
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Urrutikoetxea epailearen aurrera eramango dute asteazken honetan, "herriko tabernen auziagatik Espainiak emandako euroaginduagatik", Fiskaltzak uztailaren 10ean ohartarazi zionez.
Josu Urrutikoetxea ETAko buruzagi ohiak aske uzteko eskatu dio Frantziako justiziari. Izan ere, Espainiak haren aurka ezarritako salaketarengatik espetxeratu zuen Frantziako justiziak, lau sumariorekin lotuta epaitu nahi baitute.
Urrutikoetxearen abokatuak, Laurent Pasquet-Marinaccek, astelehen honetan Efe albiste-agentziari esan dionez, salaketa Parisko Apelazio Auzitegiaren instrukzioko aretoan aztertuko dute, seguruenik datorren uztailaren 24an.
Aurretik, asteazken honetan eramango dute Urrutikoetxea epailearen aurrera "herriko tabernen auzia" dela eta Espainiak emandako euroagindua aztertzeko, Fiskaltzak uztailaren 10ean ohartarazi zionez.
17 urtez ihesean egon ostean, maiatzaren 16an atxilotu zuten Urrutikoetxea Frantziako Alpeetan. Kartzelan dago ordutik, Auzitegi Nazionalaren aginduz.
Fiskaltzaren erabakiari muzin eginda, Parisko Apelazio Auzitegiko hiru epailek Poliziaren kontrolpean aske uzteko eskaera egin zuten ekainaren 19an, Frantziako justiziarekin konpondu beharreko auzien harira.
Nolanahi dela, Urrutikoetxeak ez zuen askatasuna lortu, egun berean Espainian epaitu gabe dituen salaketak bideratu baitzituen Fiskaltzak.