KATALUNIA
Sanchezi ezezko botoa ematea defendatu du Torrak, katalanei hitza ematen ez badie
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidenteari bidalitako gutun irekian, Estatu interesak alderdi interesen gainetik jartzeko eta hauteskundeak ez errepikatzeko eskatu dio.
Datorren astean egingo den Pedro Sanchezen inbestidura saioan, ezezko botoa ematea defendatu du Quim Torra Generalitateko presidenteak baldin eta elkarrizketa mahaira itzultzen ez bada eta Kataluniako herriari hitza emateko proposamen bat egiten ez badu.
Espainiako Gobernuko presidentegaiari zuzenduta La Vanguardia egunkarira bidalitako gutun irekian, "giza eskubide, zibil eta sozialen errespetuan oinarritutako elkar ulertzea" proposatu dio, erabakitze eskubidea barne hartuta.
Hori horrela ez bada, bere ustez, ez du zentzurik presidente karguan jarrai dezan Sanchezi babesa ematea. Hori dela eta, ezetz bozkatzearen alde agertu da.
Torrak bat egin du, horrenbestez, Carles Puigdemonten jarrerarekin. JxCat alderdiko beste kide esanguratsu batzuk, Jordi Sànchez, Jordi Turull, Josep Rull edota Artur Mas tartean, ordea, Sanchezen inbestidura erraztearen alde mintzatu dira.
Quim Torraren esanetan, duela urtebete Sanchez diputatu katalanen botoari esker Gobernura iritsi bazen ere, ez da trukean inolako ordainik izan.
Are gehiago, urtebete honen balantze "oso negatiboa" egin du Torrak. Haren hitzetan, errepresio politikoa areagotu egin da, Estatuko Abokatutzak eta Fiskaltzak auzi gehiago ireki dituzte, Kataluniako Gobernuaren atzerriko ekimenen aurkako jazarpena hazi egin da eta Generalitateko kontuen gaineko kontrola ezohikoa da.
Bestalde, estatu interesak alderdi interesen gainetik jartzeko eta hauteskundeak ez errepikatzeko eskatu dio.