Elkarrizketa, Radio Euskadin
Eneko Andueza: 'Iglesiasen botere-nahiak ezkerreko gobernu berri bat suntsitu du'
EiTB.EUS
Legebiltzarkide sozialistaren iritzian, Pablo Iglesias da negoziazioen porrotaren erantzule bakarra. Nolanahi dela, itxaropentsu agertu da, azken unera arte aukerak daudela iritzita.
Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusi eta alderdi sozialistaren bozeramaile laguntzaile Eneko Andueza Radio Euskadiko 'Boulevard' saioan izan da asteazken goizean, Espainiako Gobernuari buruz hizketan. Bertan esan du Euskadiko eta Espainiako agertokiak guztiz ezberdinak direla, gobernu koalizioak osatzeko orduan.
Hain zuzen ere, Espainian PSOEren eta Podemosen artean izandako tirabiraren harira adierazi du Pablo Iglesiasek gobernuko parte izateko duen obsesioa dela guztiaren abiapuntua. "Iglesias bera arazoa da Unidas Podemos alderdian", gaineratu du, "harengatik balitz ministerio guztien kontrola hartuko luke", nabarmendu du.
Anduezaren iritzian, Iglesias da negoziazioen porrotaren erantzule bakarra: "Botere-nahiak ezkerreko gobernu berri bat suntsitu du". Halere, negoziazioa zabalik dagoenez, oraindik akordioak lortzeko aukera dagoela azaldu du.
Bestalde, transferentzien egutegia pixkanaka betetzen ari direla azpimarratu du, eta hurrengo legealdian ere bide horri eutsiko diotela.
"Aurrekontuak atzeratzea ez litzateke zorigaitza izango", baieztatu du EAEn kontuak onartzeko dauden arazoen inguruan mintzatu denean. Gainera, ukatu egin du hauteskundeak aurreratzeko asmoa dutenik.
Azkenik, argi utzi du Elkarrekin Podemosek aurrekontuak ez babestea "estrategia hutsa" dela. "Espero dut konturatzea akatsa izan dela, eta hurrengo batean heldutasun gehiago erakustea. Egokiena Aurrekontuak onartzea eta lasaiago lan egitea litzateke", bukatu du.
Elkarrizketa Radio Euskadik egin eta eitb.eus-ek euskaratu du