ERABAKIA
Estrasburgok kalte-ordaina ukatu die GAL eta BVE taldeen biktimei
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hala, Espainiari arrazoia eman dio Giza Eskubideen Europako Auzitegiak. Argudiatu duenez, salatzaileek ez dute frogatu ETArekin lotura izatea egotzita ukatu izana kalte-ordaina.
Your browser doesn’t support HTML5 video
GAL (Grupos Antiterrorristas de Liberación) eta BVE (Batallón Vasco Español) taldeek hildako 10 biktimaren senideek ez dute kalte-ordainik jasoko, Estrasburgon egoitza duen Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi duenez.
Auzitegiak gaur jakinarazi du erabakia, aho batez, eta Espainiari arrazoia eman dio. Estatuak kalte-ordainak ukatu zizkien senitartekoei, hildakoak ETAko kideak zirelakoan. Hala ere, horietako bakar bat ere ez zuten ETAko kide izateagatik epaitu eta zigortu.
Estrasburgok ez du uste Espainiak Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 6. artikulua (errugabetasun-presuntzioa) urratu zuenik kalte-ordainak ukatuta.
Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren arabera, senide horiek ezin dute argudiatu errugabetasun-presuntzioa urratu zaienik, ez dutelako frogatu ETArekin lotura izatea egotzita ukatu izana dirulaguntza. Beraz, "arazo tekniko" hori argudiatuta, atzera bota du salatzaileen eskaera.
Dena dela, Estrasburgok ez du auziaren muina aztertu, alegia, ez du esan biktimok kalte-ordaina eskuratzeko eskubidea duten ala ez.
1979 eta 1985 artean GALek eta BVEk hildako 10 biktima hauen senideek jarri zuten salaketa Estrasburgoko Auzitegian: Maria Cristina Larrañaga, Karmele Martinez Agirre eta Nagore Otegi Martinez, Maria Antonia Ibarguren Astigarraga, Mikel eta Xabier Etxaniz Maiztegui, Ignacia Lizarraga Albaburu, Maria Belen Aguilar Perez eta Ugaitz eta Aitor Elizaran Aguilar.
Horietako batzuek ez dute inoiz Espainiako estatuaren kalte-ordainik jaso. Beste batzuek, berriz, 2011n Espainiako Gobernuak onartu zuen konpentsazio legea indarrean sartu zenean ukatu zizkieten laguntza gehigarriak eskatzen dituzte.
Guztien egoera berdina izan ez arren, hamar biktima horien senideek jarri zuten salaketa Estrasburgon, Espainiako Gobernuak 2011n onartu zuen konpentsazio legearen aurka. Lege berriaren arabera, Estatua ez dago behartuta ezer ordaintzera talde terrorista batean aritu diren biktimei eta horien senideei. Aitzitik, biktima horien artean ez dago ETAko kide izateagatik epaitutako eta zigortutako inor.
Giza Eskubideen Auzitegiaren erabakia deitoratu du Eusko Jaurlaritzak, "gaiaren muinari heldu ez diolako", eta "senideak bidegabe zigortzen ari dira", salatu du.
Auzitegiak biktima horiek kalte-ordaina jasotzeko duten eskubideaz erabakirik ez duela hartu azaldu du Jaurlaritzak agiri batean. "Gaiaren muina hori da, eta behin betiko erantzun baten zain dago", erantsi du.
Exekutiboaren ahotan, kalte-ordainik ez ematearekin "biktimen arteko berdintasun printzipioa eta ez-diskriminazioa urratzen ari dira", eta, gainera, "hildako pertsonen senideak bidegabe zigortzen ari dira".
Egiari Zor Fundazioak gogor kritikatu du Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren epaia: "Beste behin, agerian geratu da Estatuak erabilitako indarkeriaren biktimak bigarren mailako biktimak direla".
Epaimahaiak egin duen interpretazioa "eskandalutzat" jo du, "pertsona guztiak errugabeak direlako haien aurkako epairik ez dagoen bitartean". Horren harian, fundazioak gogora ekarri du kalte-ordainak eskatu dituzten biktimen aurkako ebazpenik ez dagoela.
Nolanahi ere, Estatuaren indarkeria sufritu duten pertsonen aurkako eskubide urraketak aitortzeko eta biktimen arteko kategorizazioak amaitzeko lanean jarraituko duela nabarmendu du Egiari Zor Fundazioak.
Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak ere salatu du Estrasburgoko Auzitegiak emandako ebazpena, eta "Estatu terrorismoaren biktimak ahaztutako biktimak dira", erantsi du. "Estatuko terrorismoaren biktimak babesteko unea da", gaineratu du.
Arzuagaren esanetan, "erabaki horrekin Estrasburgoko Auzitegiak euren eskubideen alde borrokatzen jarraitzera behartzen ditu Estatuko terrorismoaren biktimak, beste biktimekiko berdintasun baldintzetan tratatuak izatea lortzeko".
EH Bilduko ordezkariaren aburuz, "Estatuaren biktimak ahaztutako biktimak dira, erakundeek baztertutakoak, eta gaur ere, ikusi dugunez, euren eskubideak ez dira babestuak izan".
Hori dela eta, "EH Bildutik gure elkartasuna eta gertutasuna adierazi nahi diegu, baita egiaren eta justiziaren bidetik laguntzeko gure determinazioa ere", erantsi du.