Itxi

Elkarrizketa

Sare: 'Presoen alde pausoak emateko Euskal Herrian duten babesa irudikatu nahi dugu'

Mikel Dominguez | eitb.eus

Leer en Castellano

Inaxio Oiartzabal bozeramailearen arabera, eragileen arteko lankidetza beharrezkoa izango da urruntzearekin bukatzeko. Euskal gizartea presoak hurbiltzearen alde dagoela erakutsi nahi diete gobernuei.

Luhusotik abiatu da bizikleta martxa. Argazkia: Sare

Luhuso (Lapurdi) eta Gernika (Bizkaia) bizikletaz lotzen ari dira dozenaka pertsona, presoen eskubideen alde. Pedalkadaz pedalkada, urratsak eman nahi dituzte espetxe politikaren "salbuespen neurriak" bukatzeko. Presoen aldeko dinamika herritarren artean ezagutarazteko, erakundeei presioa egiteko eta urruntzearen aldeko borrokan indarrak hartzeko baliatu nahi dute martxa.

"Gizarte zibilaren konpromisoaren eredu" izateagatik hautatu dute Lapurdiko udalerria. Bertan egin zuen gizarte zibilak ETAren armagabetzearen aldeko lehenengo pausua. Ostiralean Gernikarako bidea hartu zuten.

Ikasturte berrian Orain Presoak dinamikak izango dituen erronkei buruz hitz egin dugu Inaxio Oiartzabal bozeramailearekin.

Azken urteetan, Luhuso bakearen sinbolo bilakatu da, ETAren armagabetzea posible egin zuelako. Gernika, aldiz, bakearen sinbolo historikoa da. Zergatik aukeratu dituzue bi herri horiek aurten?

Aurtengoan, Luhuso eta Gernika elkartu nahi ditugu pedalkadaz pedalkada, gure herriko bake eta elkarbizitzaren sinbolo gisa. Luhuso konponbiderako beharrezko lekua izan zen, eta hortik abiatu zen konponbiderako beharrezkoak ziren ondorengo pausoak. Gernika historikoki elkarbizitzaren eta bakearen erreferentzia nagusi izan da. Gure ustez, orain, jendarte hau sufrikario guztiekin amaitzeko garaian dago, eta horregatik elkarbizitzaren unea dela uste dugu. Bi puntu garrantzitsu hauek elkartu nahi ditugu, orain presoen garaia dela eta jendartearen unea dela adierazteko.

Bi urte baino gehiago pasa dira ETAren armagabetzetik. Denbora nahikoa da egoera nola aldatu den baloratzeko? Preso gehienak 600-1.000 kilometrora daude oraindik.

Bi urte pasa diren honetan, presoen gaia korapilo nagusi bat izaten jarraitzen du. Egia da Frantzian aldaketa batzuk lortu ditugula, eta ordezkarien eta Gobernuaren artean hasitako hartu emanak bere garapena daukala. Espainiar estatuan, aldiz, ahots desberdinek adierazi dute espetxe politika hau aldatzeko intentzioa, baina oraindik ez da hori gauzatzeko unea iritsi. Tamalez, nahiz eta aldaketa txiki batzuk ikusi ditugun, benetako aldaketarik ez da egon. Gerturatze batzuk eman dira, 2. graduekin batera, baina preso gutxi batzuk izateaz gain, 350 km inguruko kartzeletara hurbildu dituzte. Egiten dugun balorazioa nahiko negatiboa da, eta nahiz eta gizartean aldaketa honen aldeko aktibazioan eta konpromisoan pauso positibo asko eman ditugun, praktikan oraindik ez da aldaketa esanguratsurik eman.

Preso gehienek urrunduta eta lehen graduan jarraitzen dute, eta honek eragiten duen sufrikario guztia oraindik indarrean dago. Horregatik, Espainiar estatuari ausarta izan eta presoen etxeratze prozesuari bide ematen hasteko eskatzen diogu bizikleta itzuli honetan.

Presoen arazoa gizarte guztiarena dela diozue, eta azkenaldian presoen eskubideen aldeko sarea zabaldu egin da. Zer egin dezakete Euskal Herriko erakundeek?

Bai, bide honetan azken urteotan aurrerapauso asko eman ditugu. Gizarte hau jadanik elkarlanean dago, eta elkarbizitza pixkanaka eraikitzen hasia da, baina ezinezkoa izango da presoen arazoa indarrean dagoen bitartean. Gure ustetan, euskal erakundeek elkarlanean lan egin behar dute hau guztiz konpondu ahal izateko. Talde politikoek eta eragile sindikal eta sozialek norabide berean lan egitea beharrezkoa da. Euskal presoek bizi duten salbuespen espetxe politika amaitu dadin eta duela urte batzuk hartutako bidea egiten utz diezaieten erraztu eta lagundu behar dugu, denon artean.

Azken urteetan bide honetan adostasun handi bat lortu dugu Euskal Herrian, eta honekin jarraitu behar dugu guztion artean, bide hau egikaritu ahal izateko.

Zer egingo du Sarek presoen eskubideen gaia Espainiako eta Frantziako agenda politikoetan sartzeko?

Sareren aldetik, gizartean zabaltzen eta eragiten jarraituko dugu. Elkarlanak sustatzen eta guztiok parte izateko aukera emango duten mobilizazioak antolatzen jarraituko dugu. Guztiok izan behar garelako bide honen parte, eta horretarako guztion arteko elkarlana sustatzea ezinbestekoa da.

Bi estatuek pauso ausartak emateko bidean lagundu nahi dugu, eta guk pauso horiek emateko gizarte honek duen beharra helarazi nahi diegu. Pauso horiek emateko Euskal Herrian duten babesa irudikatu nahi dugu, berandu baino lehen egin dezaten.

Nola egiten diote kalte Espainiako Gobernua osatzeko negoziaketek presoen eskubideen auziari? Nola ikusten du Sarek etorkizun hurbila?

Gure ustez, Gobernua osatzeko negoziaketek, beste eremu batzuetan bezala, eragina daukate presoen auzian ere. Aspaldian emandako iritzien gauzatzea asko atzeratzen ari da, eta negoziaketa hauetan ikusten ari da ez dituztela pauso gehiago eman. Gure ustez, eskubideez, konponbideaz eta elkarbizitzaz ari garenean, negoziaketetatik kanpo egon beharko lirateke, eta berehalako batean gauzatu beharko lirateke. Baina errealitateak erakusten digu negoziaketek eragin zuzena dutela.

Uste dugu badagoela aldaketa honen alde dagoen gehiengo politiko bat, bai EAEn eta baita Espainian ere, eta horiek baliatu beharko lirateke normalizazioan aurrera egin ahal izateko.

Albisteak (4)