Itxi

Senatua

PPk Javier Maroto proposatu du Gaztela eta Leongo senatari kargurako

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Maroto PPren Arabako zerrendaburua izan zen hauteskunde orokorretan, baina ez zuen boto nahikorik lortu eta Kongresutik kanpo geratu zen.   

Javier Maroto. Artxiboko argazkia: EFE

Gaztela eta Leongo Parlamentuko Alderdi Popularrak Javier Maroto Gasteizko alkate ohia proposatu du erkidego horretako senatari kargurako.

Maroto PPren Arabako zerrendaburua izan zen apirilaren 28ko hauteskunde orokorretan, baina ez zuen boto nahikorik lortu eta Kongresutik kanpo geratu zen.

Gaur amaitzen zen epea talde parlamentarioek beren hautagaiak aurkez zitzaten, eta Gaztela eta Leongo PPk Javier Marotoren izena proposatu du azken unea. Bihar bilduko da Parlamentuko Mahaia eta litekeena da senatariak izendatzeko bozketa datorren asteko asteartean deitzea.

Izendapen horrek hautsak harrotu ditu Gaztela eta Leonen. PSOEren esanetan, Marotoren proposamenak erakusten du Alfonso Fernandez Mañueco (PP) Gaztela eta Leongo presidentea "Alderdi Popularraren zuzendaritza nagusiaren menpe dagoela".

Bestalde, aipatzekoa da Marotok publikoki adierazi izan duela Trebiñu Araba dela eta, beraz, auzi horretan Gaztela eta Leongo interesen kontra dagoela.

"Trebiñu Araba da, Euskadi da, eta trebiñarrak euskal herritar sentitzen dira, administrazio kontuengatik, kulturalki eta historikoki", azpimarratu zuen 2014an.

Albisteak (2)