Itxi

Euskobarometroa

EAEko lau herritarretik batek nahi du PSOE-Podemos koalizio gobernua

agentziak | erredakzioa

Leer en Castellano

% 16k formula hori babesten du, baina nazionalistak batuta, eta % 13k PSOEk eta nazionalistek osatutako gobernu baten alde egiten du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

EAEko herritarren % 27k nahiago du PSOEk eta Unidas Podemosek osatutako koalizio gobernua Espainian, eta % 16k formula hori babesten du, baina nazionalistak batuta. % 13k sozialistek eta nazionalistek egindako gobernua nahi du, eta % 7k soilik babesten du PSOE bakarrik duen gobernua, Euskobarometroaren arabera.

EHUko Politika eta Administrazio Zientzia Sailak egin du ikerketa, Francisco Jose Lleraren zuzendaritzapean, eta maiatzaren 28tik ekainaren 19ra egindako 1.200 inkesta baliatu dituzte horretarako.

Bestalde, inkestari erantzun dioten herritarren herenak Pedro Sanchezen Gobernuaren kudeaketa babestu du, eta kontrako jarrera agertu du lautik batek (aurreko seihilekoan baino % 12 gutxiago).

EAEko herritarrek 6,1eko puntuazioa eman diote (0tik 10era) Iñigo Urkulluri eta Jaurlaritzari, aurreko seihilekoan baino 0,8 puntu gehiago. Gainera, % 86k babesten du Jaurlaritzaren kudeaketa (aurrekoan baino % 12 puntu gehiago).

Independentzia

Inkestaren arabera, herritarren % 67k independentziarako gogo gutxi (% 29) edo batere ez (% 38) du. Horren aurrean, EAEko herritarren % 27k du independentzia lortzeko gogo handia.

Independentziari buruzko erreferendum baten aurrean zer erantzungo luketen galdetuta, % 48k ezetz bozkatuko lukeela erantzun zuen (% 9ko gorakada), eta baietz, % 31k. Beraz, duela urte batzuetako berdinketa atzean geratu da.

Izan ere, % 22 gustura dago egungo autogobernuarekin, % 35ek eskumen guztiak eskuratu nahi ditu, % 26k autogobernua erreformatu eta handitu nahi du, eta % 11k burujabetzaren alde egin du.

Langabezia da herritarren ardura nagusia (% 40,8), alde handiarekin, eta atzetik geratu dira desberdintasun sozialak eta ongizatea (% 26), eta arazo ekonomikoak orokorrean (% 7) eta egoera politikoa (% 6).

Bideoak (1)