Itxi

Inbestidura

ERCk eta JxCatek ez dute argitu zer bozkatuko duten Sanchezen inbestiduran

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

PSOEren eta Unidas Podemosen arteko akordioa egotekotan, inbestidura erraztuko dutela iradoki du Rufianek. JxCatek astelehenean ebatziko du zer egin, baina ezetzaren aldekoa dela aurreratu du.

Rufián, aurreko prentsaurreko batean. EFE

Kataluniako alderdi independentistek ez dute argitu zer egingo duten Pedro Sanchez hautagai sozialistaren inbestidura eztabaidan. Kazetariek behin eta berriz galdetu dieten arren, erabakia hartzeke dutela zehaztu dute ERCk eta JxCatek. Dena dela, azken horrek ohartarazi du, gaur gaurkoz, "'ez' bozkatzeko arrazoi asko ditugu".

Gabriel Rufian ERCk Kongresuan duen bozeramailea ez da horren argia izan. Alderdiko zuzendaritzarekin bilera izan ostean kazetariei esan dienez, ERCk ezin du iritzirik eman "existitzen ez" den zerbaiti buruz —PSOE-Podemos akordioa—, eta bi alderdiei "erantzukizuna" eskatu die.

Sozialisten eta koalizio morearen artean azkenean akordioa balego ERCk zer bozkatuko lukeen galdetuta, irekiago mintzatu da: "ERCk behintzat ez du oztopatuko".

Bestalde, Laura Borras JxCateko diputatuak iragarri du "astelehen gauean" erabakiko dutela botoa, baina gaur gaurkoz, ezetzaren aldekoak direla.

"Pedro Sanchezen alde bozkatzeko baldintzarik ez dago. Katalanismoak ez du inoiz botorik oparitu, eta ez litzateke ulertuko orain egitea", adierazi du Kataluniako Parlamentuan eskainitako prentsaurrekoan.

Borrasek hitz gogorrak izan ditu Pedro Sanchezentzat, eta "harrokeria", "akordioari ezikusia edukitzea" eta "oposizioa umiliatzea" egotzi dizkio.

Salatu duenez, Espainiako jarduneko presidenteak "gutxietsi" egin ditu konbergenteak eta ez ditu bilera batera ere deitu.

"Hauteskundeek ez diote harrokeriaz jarduteko eskubiderik ematen, bakarkako gobernu bat osatzeko edota akordioari ezikusiarena egiteko", nabarmendu du.

Albisteak (2)