Itxi

INBESTIDURA SAIOA

Presidente izateko eskuinaren abstentzioa bilatzea leporatu dio Iglesiasek Sanchezi

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Pablo Iglesiasen ustez, ez da zentzuzkoa Unidas Podemosekin koalizio gobernua negoziatzen ari den bitartean Pedro Sanchezek PPren eta Ciudadanosen abstentzioa eskatzea.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Pablo Iglesiasek "errespetua" eskatu dio Pedro Sanchezi, eta Unidas Podemosek ez duela itxurakeriarik onartuko ohartarazi dio.

"Gure alde bozkatu zuten 3,7 milioi herritarrak errespeta itzazu. Ez eskatu gu zure gobernuaren dekoratua izatea, ez baitugu horrelakorik onartuko. Errespetua soilik eskatzen dugu", azpimarratu du Iglesiasek Pedro Sanchezen inbestidurarako lehen saioan egin duen agerraldian.

Halaber, hauteskundeak aurreratzeko aukera baztertu eta Espainian ezkerreko koalizio gobernu bat osatzeko aukera balia dezala galdegin dio. "Herritarrek ez lukete ulertuko hauteskundeak errepikatu behar izatea", erantsi du.

Horrez gain, Unidas Podemosekin negoziatzen ari diren bitartean Sanchezek Alderdi Popularraren eta Ciudadanosen abstentzioa eskatu izana ulertezintzat jo du. Era berean, gogor kritikatu du inbestidura prozesua aldatzeko Konstituzioa erreformatzea planteatu izana.

"Badirudi ez duzula gurekin gobernurik egin nahi, eta negoziatzen hasi bazara beste irtenbiderik izan ez duzulako dela; disimulatu apur bat", esan dio Iglesiasek Sanchezi.

Konstituzioaren erreformari dagokionez, Iglesiasek gogora ekarri du Espainiako sistema politikoa parlamentarioa dela, ez presidentzialista. Beraz, bere proposamena Konstituzioaren nahiz herritarrek apirilaren 28an bozkatu zutenaren aurkakoa izango litzatekeela ohartarazi dio.

Iglesiasen esanetan, gizarteak alderdi bakarreko gobernua nahi izan balu, hala izango zen, eta Felipe Gonzalezen edo Jose Maria Aznarren agintaldiak aipatu ditu adibide gisa. Alabaina, alderdi ezberdinak ados jartzea eskatzen dute herritarrek, eta, beraz, legea aldatzea iruzur egitea litzatekeela adierazi du. "Onartezina da herritarrek bozkatu dutena aldatzeko Konstituzioa erreformatu nahi izatea", nabarmendu du.

Mariano Rajoyren aurka PSOEk aurkeztutako zentsura-mozioak aurrera egiteko Unidas Podemosek emandako botoak doakoak ez zirela izan azaldu du Iglesiasek. "Zilegi da oinarri parlamentario egonkorra izango duen gehiengo bat osatu nahi izatea", esan du.

Horrenbestez, berriro kritikatu du bere inbestidura ahalbidetzeko Sanchezek PPri eta Ciudadanosi egindako eskaerak; izan ere, "jende askok pentsatuko du ez duzula ezkerreko gobernu sendo bat nahi, eta zure helburu bakarra presidente izatea dela".

"Inbestidura saio batera joateko programetan eta aliantzetan, koherentzia minimo bat ezinbestekoa da", erantsi du Iglesiasek.

Bestalde, Unidas Podemosen "eskuzabaltasuna" azpimarratu du, eta PSOEri koalizio gobernua ez osatzeko "aitzakiak amaitu zaizkio", gaineratu du.

Ildo horretan, PSOEk bera gobernuan ez sartzeko ezarritako baldintza ekarri du gogora. "Atzera egin nuen eta jada aitzakiarik gabe geratu dira", nabarmendu du.

Amaitzeko, berretsi egin du Unidas Podemosek koalizio gobernua osatu nahi duela PSOErekin, besteak beste, justizia fiskala lortzeko, prekarietatea bukatzeko, lan-baldintza duinak ezartzeko, alokairuaren prezioak jaisteko, doako haur-eskolak irekitzeko edo eutanasia legea lantzeko.

Erantzuteko txandan, Pedro Sanchezek Iglesiasi esan dio Unidas Podemosekin batera gobernatu nahi duela, baina beste aukera batzuk negozia daitezkeela erantsi du, tartean inbestidurarako akordio bat.

"Guk zuekin gobernatu nahi dugu, herritarren mesedetan politika egiteko, eta, horregatik, eskua luzatuta dugu oraindik", azpimarratu du.

"Koalizio gobernua osatzea proposatzen ari naiz, baina koalizio gobernuaren eta zuek ultraeskuinarekin batera bozkatzearen artean aldea dago, eta tartean hainbat aukera egon daitezke", erantsi du.

"Pentsatu ondo zer bozkatuko duzuen, eta, besterik ez bada ere, ahalbidetu gobernu progresista bat eratzea", esan dio Sanchezek Iglesiasi.

(Pablo Casado PPko buruzagia, Kongresuan. Argazkia: EFE)

Casadok Sanchezi: "Erradikalekin presidente izango zara, baina ezingo duzu gobernatu"

Pablo Casado PPko burua izan da hitza hartzen lehena inbestidura saioko arratsaldeko txandan, eta, hasiera-hasieratik, gogor zuzendu zaio Pedro Sanchez PSOEko buruari. Presidente izateko "erradikalen botoak" baliatzea leporatu dio, baina horiekin ezingo dutela gobernatu esan dio.

Halaber, goizean Sanchezek egin duen ia bi orduko hitzaldian ez Unidas Podemosen inguruan ez independentisten inguruan hitz-erdirik ez duela esan nabarmendu du. PPk ezezko botoa emango diola garbi esan dio Casadok Sanchezi, Espainiaren haustura nahi dutenen "konplize" izan nahi ez duelako.

Azkenean Sanchez Podemosen eta independentisten babesarekin presidente hautatzen badute, saioa bukatutakoan PSOEk bere atean "hartzekodun gehiegi izango ditu bere atean eta ezingo die guztiei erantzun", Casadoren hitzetan.

Independentisten babesari esker presidente izendatzen badute, Sanchezek Espainiaren batasuna hautsiko duela esan du PPren buruak, eta horien babesa lortzen ez badu, berriz, legeak eta aurrekontuak aurrera ateratzeko zailtasunak izango omen ditu. Beraz, modu batera zein bestera, gobernatzea ezinezkoa egingo zaio PSOEri, Casadoren aburuz.

"Hemizikloaren erdian lazo horidun elefante morea" dagoela esan du buruzagi popularrak, Unidas Podemosi eta independentista kataluniarrei erreferentzia eginez.

Erreplikarako bere txandan, Pedro Sanchezek abstentzioa eskatu dio berriro PPri, hauteskundeak ez errepikatzeko bide bakarra hori dela argudiatuz. Arduraz jokatzeko eta estatu ikuspegia kontuan hartzeko eskatu dio Casadori.

"Azter dezagun errealitatea, ez dago alternatibarik", esan du presidentegaiak. Espainiaren egonkortasuna bermatzea bada PPren helburua, "posible den gobernu bakarra ahalbidetu" behar dutela ohartarazi die popularrei.

(Albert Rivera, Diputatuen Kongresuan. Argazkia: EFE)

Riverak baieztatu du Sanchezen kontra bozkatuko dutela

Albert Rivera Ciudadanosek presidenteak ere hitz gogorrak erabili ditu Sanchezen kontra egiteko. Alderdi laranjako buruaren arabera, PSOE egiten ari dena "antzerki hutsa" da, dagoeneko "aulkiak banatuta" dituelako Unidas Podemosekin eta independentistekin.

Sanchezen helburu bakarra boterean jarraitzea dela esan du Riverak, eta horretarako duen planak "PSOEren entxufatuei bakarrik" egiten diela mesede gehitu du. "Espainiarentzat duzuen plana oso txarra da", adierazi du.

Espainian PSOErekin ados ez dagoena "izorratuta" dagoela esan du, "ezin baitu parte hartu ez Harrotasunaren aldeko manifestazioetan, ezta M8ko mobilizazioetan ere". Ildo horretan, "sektarismoa" bultzatzea leporatu dio Sanchezi.

Ciudadanoseko buruak argi utzi du ezezko botoa emango diola Sanchezi: "Ez, Sanchezen planari, eta ez, Sanchezen plana ahalbidetuko duen talde osoari".

"Antzerkia egitea" egotzi dio Riverak Sanchezi, eta "oso erratuta" dagoela erantzun dio honek: "Antzerkia da ultraeskuinarekin itunak egitea eta halabeharrez egin behar izan duzuela irudikatzea". Hori gorabehera, PPko buruari egin dion eskari bera egin dio Ciudadanoseko buruari, inbestiduran abstentzioaren alde egiteko eskatu baitio, Ciudadanoseko boto-emaileek ere hori nahi dutelako, Sanchezen esanetan.

Abascal: "Vox da Sanchezen proiektutik urrunen dagoen alderdia"

Santiago Abascalek espero zena esan du inbestidura saioan, eta Pedro Sanchezen aurka bozkatuko dutela baieztatu du, "ez dugulako komunistaz, separatistaz, ETAren aldekoez, chavistez eta kolpistez babestutako gobernurik nahi”.

"Vox Sanchezen proiektuarengandik urrunen dagoen talde parlamentarioa da", azpimarratu du, eta baztertu egin du abstentzioaren aukera.

Pedro Sanchez presidente izendatuz gero, "Espainiak kalte handia” jasango duela eta "kaltetuena" klase ertaina, katalanak eta segurtasun indarrak izango direla esan du. Halaber, emakumeak babesik gabe egongo direla, legez kanpoko migrazioak gora egingo duela eta soldata prekarioak mantenduko direla esan du.

Nolanahi ere, "Espainiak aurrera egin du, espainiarrak agintarien gainetik daudelako, nazio handi bat garelako eta espainiarrek beren aberria maite dutelako", horren hitzetan.

Horrez gain, gogor kritikatu ditu mugimendu feminista, LGTBI kolektiboa eta Mediterraneoan migratzaileei laguntzen dieten gobernuz kanpoko erakundeak.

Bestalde, hezkuntza eta osasun eskumenak erkidegoei kendu eta Espainiako Gobernuaren esku uztea eta zergak jaistea proposatu du, eta zezenketetara edo ehizara joateko askatasuna aldarrikatu du.

Albisteak (3)

Bideoak (2)