Itxi

GOBERNU OSAKETA

Nafarroako Gobernu osaketaren inguruan 'laster' emaitzak izango direla esan du PSNk

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Horrela iragarri du Ramon Alzorriz sozialistak. PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra negoziatzen ari dira, Maria Chivite presidente egiteko.

Ramon Alzorriz PSNko Antolakuntza idazkaria. EiTBren bideo batetik ateratako irudia

Nafarroan, gobernua osatzeko negoziatzen jarraitzen dute PSNk, Geroa Baik, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak. Lau alderdiek aurrekordioa sinatu zuten, baina hitz egiten jarraitzen dute Maria Chivite PSNko hautagaia presidente egiteko. Ramon Alzorriz PSNko Antolakuntza idazkariak gaur Tuterako Santa Ana jaien hasieran iragarri duenez, "laster" emaitzak ikusi ahal izango dira mahai gainean.

Ramon Alzorrizen iritziz, negoziazioak bide onetik doaz eta laster gauzatuko da gobernu akordioa. "Elkarbizitzaren, balio sozialen eta hiritarren beharren aldeko apustua egingo duen gobernu anitza izango da", azpimarratu du.

Lau alderdien artean egon den elkarrizketa "etengabea" nabarmendu du Alzorrizek, eta gaineratu du azken akordioa foru gobernuko kontseilaritzetan zehaztea bakarrik falta dela.

"Gai batzuk itxita daude eta beste batzuk, ordea, zintzilik. Madrilen gertatzen dena gertatzen dela akordioa lortuko dugu Nafarroan eta, pertsonalki, sozialistek gidatutako gobernuen aldeko apustua egiten dut Espainian eta Nafarroan", amaitu du.

Uxue Barkos Geroa Baiko eledunak, bere aldetik, zuhurtzia aldarrikatu du negoziazioen baitan. Horrez gain, alde guztiak egiten ari diren lana goraipatu du.

Podemos-Ahal Duguren izenean hitz egin duen Daniel Lopezen hitzetan, koalizio morea gustura dago akordio programatikoan gehitu diren proposamenekin. Gaineratu duenez, koalizioak balizko gobernuan izango duen parte hartzea oinarriek erabakiko dute.

Azkenik Maria de Simon Izquierda-Ezkerrako ordezkariaren esanetan, bere alderdiak "lanak eginda ditu" oinarriek babesa eman diotelako Nafarroako Gobernurako aurrekoardioari.


Albisteak (4)