Inbestidura
Bi hilabete, hauteskundeak saihesteko
Agentziak | Erredakzioa
Konstituzioaren 99. artikuluak dio bi hilabeteko epea dagoela babes nahikoa duten hautagaitzekin nahi beste inbestidura saio egiteko. Osterantzean, azaroaren 10erako deituko lirateke hauteskundeak.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente izateko inbestidurak porrot egin ostean, bi hilabeteko epea dago orain babes nahikoa duten hautagaitzekin nahi beste inbestidura saio egiteko, hola ezartzen baitu Konstituzioaren 99. artikuluak. Osterantzean hauteskunde orokorrak deituko lirateke azaroaren 10erako.
Bi hileko epe hori irailaren 23an bukatuko litzateke. Data horretara helduta, eta presidente berria aukeratu gabe egongo balitz, hauteskunde orokorrak deituko lirateke azaroaren 10erako.
Sanchezek 99 artikulu hori moldatzea eskatu zuen inbestidura ekitaldiaren hasieran, blokeoak saihesteko.
Konstituzioan jasotakoaren arabera, lehen inbestidurarekin bi hilabeteko epe hori martxan jartzen da; horrenbestez, uztailaren 23an hasi zen atzerako kontaketa eta irailaren 23an amaituko da.
Ordura arte, Konstituzioak nahi beste hautagaitza aurkezteko tartea ematen du; alderdien artean babesak negoziatzeko.
Ondoren, erregeak alderdiko ordezkari ezberdinei hautagaien babesen harira beharrezko kontsultak egin ostean, Gobernua osatzeko mandatua egingo dio hautagai bati.
Inor ez bada aurkezten, denborak aurrera egingo du eta irailaren 23an Gorteak desegingo dira eta Estatu Aldizkari Ofizialean hauteskunde orokorren deialdia argitaratuko dute.
Irailaren 24an hauteskundeak deitzeko errege dekretua bidaliko dute eta 25ean hauteskundeak errepikatzeko atzerako kontua hasiko litzateke.
47 egun igarota, azaroaren 10ean, hauteskunde orokorrak errepikatuko lirateke. Kasu horretan, gainera, hauteskunde-kanpainak bi asteko iraupena izan beharrean astebeteko iraupena izango luke.