Itxi

Inbestidura

Calvok itxitzat eman du koalizio gobernua eta beste bide batzuen alde agertu da

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

PPri eta Ciudadanosi egotzi die inbestidura saioaren porrotaren errua; bi alderdiek, haren ustez, ez dutelako zegokien ardura hartu.

Carmen Calvo, Espainiako Gobernuko presidenteordea. Argazkia: EFE

Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteordeak itxitzat eman du ostiral honetan Unidas Podemosekin koalizio gobernua osatzeko aukera, eta alderdi politikoei hauteskundeak errepikatzea saihesteko beste bide batzuk aztertzea dagokiela nabarmendu du. Hala, Pedro Sanchezen inbestidura saioaren porrotaren ostean, erantzukizunez jokatzeko deia egin die alderdiei.

Ministroen Kontseiluaren ostean egindako agerraldian, Calvok PPri eta Ciudadanosi egotzi die inbestidura saioaren porrotaren errua, bi alderdiek ez dutelako zegokien ardura hartu, horren iritzian. Hala, hauteskunde orokorretan, herritarrek akordioa lortzeko ardura eman zietela gaineratu du.

"Ez dute ezer egin", esan du Calvok. Halaber, Sanchezek erregearen enkargua onartu eta Kongresuak horren hautagaitza atzera bota ostean, gaur egun ez dagoela inbestidurarako beste hautagairik nabarmendu du. Ondorioz, gainerako alderdiek “erantzukizunez jokatu eta erabakiak hartu” behar dituztela esan du, hauteskunde orokorrak errepikatu ez daitezen.

Calvok nabarmendu duenez, sistema osoak "bere eginbidea martxan jarri behar du", azaroaren 10ean herritarrak berriro hautestontzietan ikusi behar ez izateko.

Gobernuko presidenteordea Sanchezen inbestidurarako talde negoziatzaileko kide izan zen, eta Unidas Podemosekin akordioa lortu nahian, PSOEk bere jarrera bost aldiz aldatu zuela azpimarratu du. Alabaina, koalizio gobernua osatzea proposatu zionean, Pablo Iglesias buru duen koalizioak ez zuela sozialisten azken eskaintza onartu azaldu du.

Horrez gain, Sanchezek, indar bozkatuenaren buru izanik, gobernua osatzeko ardura bere gain hartzen jarraituko duela esan du Calvok, eta gainerako buruzagiekin hitz egingo duela gaineratu du.

"Alderdi guztiekin hitz egiten jarraituko dugu", esan du Calvok, baina gaineratu du ez dela "aste honetan gertatutakoa berriro errepikatuko". "Proposamen hori baztertuta dago", esan du.

Albisteak (6)