Nafarroa
Chiviteren inbestidura ‘ahalbidetzea’ proposatu dio EH Bilduk militantziari
Agentziak | Erredakzioa
EH Bilduren mahai politikoak "asteak daramatza inbestiduraren inguruko erabakiaz hausnartzen". Hala, koalizio gobernua ahalbidetzea proposatu dute, horretarako beharko lirateken abstentzioen bidez.
EH Bilduren Mahai Politikoak Maria Chivite hautagai sozialistaren "inbestidura ahalbidetzea" proposatu dio larunbat honetan militantziari, baina azken erabakia kontsulta lotesle baten bidez hartuko dute.
Ostiralean, PSNk, Geroa Baik eta Podemosek Nafarroan koalizio gobernua osatzeko ituna sinatu zuten. Izquierda-Ezkerrak ere babesa emango dio Chiviteren gobernuari, baina uko egin dio koalizio gobernuko kide izateari. Dena dela, EH Bilduren abstentzioa ezinbestekoa da Chivite Nafarroako Gobernuko presidente izendatzeko, izan ere, PSNk, Geroa Baik, Ahal Duguk eta I-Ek (23 parlamentari) ez dute gehiengo osorik Nafarroako Parlamentuan (26 ordezkari).
Nafarroako EH Bilduko mahai politikoak ohar batean azaldu duenez, “dagokion ardurarekin bat eginez inbestiduraren gaineko posizioa hartu du, eta Hegoaldeko Mahai Politikoak berretsi egin du”.
“Agertoki guztiak aztertu ondoren, bakoitzak dituen arriskuekin, gure proiektua aurrera eramateko eskaintzen dituen aukerekin, jartzen dizkigun oztopoekin eta bakoitzean gure jarduera garatzeko izango genukeen gaitasun eta baldintzekin, Mahai Politikoak proposatzen du PSNk, Geroa Baik eta Podemosek aurkeztuko duten koalizio Gobernuari inbestidura saioan bidea ematea, beharko lirateken abstentzioen bidez”, esan du EH Bilduk.
Posizio hau hartzeko orduan, EH Bilduren Mahai Politikoak ziurtatu du kontuan hartu duela “Erregimenari berrosatzeko aukerarik ezin zaiola eman”. Horregatik, “inbestidura honetan aukera hori saihestu” behar dutela nabarmendu du koalizio abertzaleak.
EH Bilduren Mahai Politikoak ere “aintzat hartu du aldaketaren legealdian egindako urrats batzuk ez liratekeela galduko, edota ez guztiz, behintzat. Egin duten aurre-akordioa begiratuta, orokorkeria gehiegi eta zehaztasun gutxi agertzen dira. Atal batzuetan atzera egiten du nabarmen ere, baina orokorrean anbiguotasuna da nagusi”.
EH Bilduren Mahai Politikoak bere erabakia hartzeko erabili duen “beste gako bat izan da EH Bilduk izango duen posizioa Gobernua bera baldintzatzeko; izan ere, bere politikak egiteko gure bozen beharra izango luke, ez soilik inbestidura saioan, baizik eta legealdian zehar. Horrek eragin-ahalmen eta joko handia eskainiko lioke EH Bilduri”.
EH Bilduk ziurtatu duenez, koalizioak “oposizioan izango litzateke, lehen esan bezala Gobernuarekiko konpromisorik gabe eta eskuak libre izanik, gure programaren eta nafar jendartearen beharren araberako proposamenak egiteko. Honek aukera emango digu gure profil propioarekin aritzeko eta ezkerreko alternatiba gisa gure erreferentzia indartzeko”.
Gauzak horrela, Nafarroako EH Bilduren parlamentariek Chiviteren inbestidura saioan emango duten bozaren inguruko erabakia EH Bilduren militantziak eta oinarri sozialak hartuko dutela azpimarratu du koalizio abertzaleak. Arrazoi horregatik, datozen egunetan martxan jarriko duten “prozesu honetan parte hartzeko deia” luzatu die bere oinarriei.