Itxi

Nafarroa

Hualde taldeetako eledunekin bildu da, Chiviteren inbestidurarako

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Erronda amaitutakoan, baliteke, Maria Chivite lehendakari izendatzeko inbestidura saioaren data iragartzea Hualdek. Hainbat iturriren arabera, datorren ostegunean bertan izan daiteke saio hori.

Hualde, Arroniz eta Chivite, ekaineko bilera errondan. Argazkia: EFE.

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak abuztuko egun jakin batzuk lanegun izendatzea erabaki dute gaur, Maria Chivite hautagai sozialistaren inbestidura saioa hilabete honetan bertan ahalbidetzeko.

Unai Hualde Parlamentuko Mahaiko presidenteak talde politikoetako eledunekin bilera erronda hasi aurretik hartu dute abuztua lanerako gaitzeko erabakia.

10:30etik eta 15 minutuko tartearekin, Foru Parlamentuan ordezkatuta dauden talde guztietako bozeramaileekin biltzen ari da Hualde (Izquierda-Ezkerra, Podemos, EH Bildu, Geroa Bai, PSN eta Navarra Suma), eta ondoren, Chiviteren hautagaitza proposatuko du.

Araudiaren arabera, inbestidura saioa, gutxienez, hiru egun geroago egin behar da, eta hortaz, bilera sorta gaur eginda, inbestidura saioa ostegunean edo ostiralean has daiteke. PSNk ostegunean izatea nahi du.

Joan den astean, PSNk, Geroa Baik eta Podemosek akordioa sinatu zuten, Nafarroan koalizio gobernua osatzeko.

Bilera erronda

I-E taldeko eledunekin hasi du erronda Hualdek, eta ondoren Podemoseko Mikel Buil eta Ainhoa Aznarez hartu ditu. Horiek, bilera amaituta hedabideen aurrean egindako agerraldian esan dutenez, Chiviteren inbestidura ahalbidetuko dutela jakinarazi diote Foru Parlamentuko buruari, euren azken erabakia militantziari egindako galdeketa baten esku utzi badute ere.

Builek argitu duenez, Chiviteren inbestiduran alde bozkatzearen edo abstenitzearen artean erabaki behar dute militanteek, eta ezezkoa emateko aukerarik ez dute proposatu ere egin. Gaur arratsaldeko 18:00etan itxiko dute galdeketa, eta bihar jakinaraziko dute emaitza.

EH Bilduren abstentzioa nahitaezkoa da

PSNk 11 eserleku ditu, Geroa Baik 9, Podemosek 2 eta Izquierda-Ezkerrak 1. Guztira, beraz, 23 ordezkari batzen dituzte, baina ez dute gehiengo osorik (26 parlamentari).

Hori dela eta, Chivite Nafarroako presidente izendatzeko ezinbestekoa da EH Bilduren abstentzioa. Koalizio abertzaleak adierazi du inbestidura "ahalbidetzearen aldekoa" dela, baina erabakia bere militantziaren esku utzi du, eta kontsulta loteslea deituko du datozen egunetan.

Bere blogean argitaratutako artikulu batean, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia koalizioa abstenitzearen alde agertu da, eta eskuineko gobernu bat inon ere ez ahalbidetzeko estrategiaren baitan kokatu du jarrera hori.

Nafarroako sozialisten arabera, "PSNk ez du Bildurekin bilerarik edo elkarrizketarik izan, ez alderdi bezala, ezta bitartekariekin ere", Nafarroako Gobernuari buruz negoziatzeko, eta, horien hitzetan, koalizio hori "ez da bazkide bat" sozialistentzat.

PSNko militanteen % 89 Nafarroan Gobernua osatzeko lortutako akordioaren alde agertu ziren, atzo egindako bozketan.

Epeak eta egutegia

Ekainaren 19an Parlamentua eratuta eta mahaikideak aukeratuta, presidentegaiak aurkezteko epea zabaldu zen.

Ganbera osatu eta 10 eguneko epean, mahaiko presidenteak bilera erronda egin zuen talde guztiekin, hautagairik duten jakiteko.

Hautagai bat baldin badago, osoko bilkura deitu beharko du Ganberako presidenteak, inbestidura saioa baino hiru egun lehenago, gutxienez. Saio horretan presidenteak hautagaiaren berri emango du, eta ondoren, horrek bere programa aurkeztuko du, denbora mugarik gabeko agerraldi batean.

Ondoren, talde bakoitzak 30 minutuko tartea izango du, hautagaiari erantzuteko, eta behin eztabaida amaituta, bozketa egingo da. Boto-paperarekin egingo da bozketa, eta isilpekoa izango da.

Gehiengo osoa beharko du hautagaiak lehenengo bozketan, eta lortzen ez badu, hurrengo egunera atzeratuko da bigarren buelta. Hor, gehiengo sinplea nahikoa izango da, presidentea aukeratzeko.

Parlamentuaren babesa bermatuta duenean, Espainiako Erregeari jakinaraziko zaio erabakia, errege dekretu bidez, Nafarroako Gobernuko presidentearen izendapena Estatuko Aldizkari Ofizialean argitara dezan.

Azkenik, izendapena publikatu eta 10 eguneko epean, Foru Gobernuko presidente berriaren kargu hartze saioa egingo da.

Hautagairik ez balego, edota dagoen hautagaiak presidente izendatzeko nahikoa babes bermatuta ez badu, berriro errepikatuko du mahaiko presidenteak bilera erronda. Horretarako, gehienez, hauteskundeak izan direnetik hiru hilabeteko epea izango du. Denbora tarte hori agortuta, presidente izendatzeko nahikoa babes duen hautagairik ez balego, Parlamentua desegingo da eta hauteskundeak deituko dira, berriro.

Albisteak (5)

Bideoak (2)