Itxi

Presoak

Presoen ongietorriak egiten uzten duten udalei zigorra jartzea aztertuko du Espainiak

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Barne Ministerioak erreforma horren zirriborroa prestatu du jada, eta zigor ekonomikoak aurreikusten ditu ekitaldiak saihesteko neurririk hartzen ez duten udalentzat.

Jose Jabier Zabaletari Hernanin egindako harrera. Argazkia: EFE

2011ko Terrorismoaren Biktimen Aitortza eta Babeserako Legearen erreforma prestatzen ari da Espainiako Gobernua, eta, zirriborro horren arabera, presoei harrera egiteko ekitaldiak galarazten ez dituzten udalei zigor ekonomikoak jar litzaizkieke.

Jesus Loza Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) duen ordezkariak azaldu duenez, presoen ongietorriak galaraztea da erreforma horren helburu nagusia. Izan ere, uztailaren azken asteburuan Xabier Ugarte eta Jose Jabier Zabaleta preso ohiei Oñatin eta Hernanin egin zizkieten harrera ekitaldiek polemika sortu zuten. Ugartek 22 urte egin ditu espetxean, eta Zabaletak 29.

Legearen erreforma aurrera atera ahal izateko "diskrezioa" eskatu du Lozak, eta adostasunaren alde egin du. Halaber, presoen ongietorriek herritarren “kezka” sortzen dutela ziurtatu du Espainiako Gobernuaren ordezkariak, baina ekitaldi horiek saihesteko “ibilbide penal laburra” dagoela aitortu du, azken urteetan sortutako jurisprudentzia eta Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren ebazpenak direla eta. Dena dela, ongietorriak galarazteko "arrakalak" egon badaudela uste du Lozak.

Gainera, kasu batzuetan ongietorrien antolatzaileek ez dutela harrera horien berri ematen salatu du Lozak, horrela, ekitaldik egin ahal izatea bermatzen dutelako eta zigorrak saihesten dituztelako.

Espainiako Gonernuko Barne Ministerioak erreforma horren zirriborroa prestatu du jada, eta zigor ekonomikoak aurreikusten ditu ekitaldiak saihesteko neurririk hartzen ez duten udalentzat.

Lozaren iritziz, Oñatin eta Hernanin ikusi zena "oraindik bere horretan jarraitzen duen gorrotoaren erakusle izan zen", eta, jarrera horrek, bere ustez, terrorismoaren berpiztea ekar dezake etorkizunean. Hala, epaitegiek ikuspuntu bera kontuan izan beharko luketeela esan du.

Espainiako Gobernuaren ordezkariak "elkarrizketaren" eta adostasunaren alde egin du, eta 2008ko Biktimen Legea onartzeko EAEn lortu zen adostasuna gogora ekarri du. Hala. "biktimen umilazioa eta terrorismoaren goraipamena" dakarten ekintzak saihestea eskatu du.

Albisteak (4)